AKTUALITATEA / Indarkeria matxista

Aurten 3.000 emakumeri eraso diete euren bikotekide edo bikotekide ohiek EAEn

%10,6 igo da salatutako erasoen kopurua abuztura bitartean, iazko datuekin alderatuz gero. Familia barruko indarkeriak ere %17,5 egin du gora.
2026eko irailaren 28 - 05:46
Aurten 3.000 emakumeri eraso diete euren bikotekide edo bikotekide ohiek EAEn

Urte honetako lehen zortzi hilabeteetan, EAE mailan, 2.971 emakumek salatu dute euren bikotekideek edo bikotekide ohiek eraso dietela. Abuztura bitartean, 1.507 erasoren berri izan da Bizkaian, eta 940 eta 524 erregistratu dira Gipuzkoan eta Araban, hurrenez hurren.

Emakundek eman ditu datu horiek, eta jakinarazi du salatutako erasoen kopuruak gora egin duela iazko datuekin konparatuta: %10,6koa da igoera batez beste. Araban atzeman dute gorakadarik handiena (+%13), baina oso hurbiletik jarraitzen diote Bizkaiak (+%11) eta Gipuzkoak (+%9).

Bikote-harremanei lotutako indarkeria matxistaz gain, familia barrukoa ere zenbakitan aztertu du Emakundek, datu kezkagarri gehiago emanez: urteko lehen zortzi hilabeteetan, 853 emakumek jasan dute biolentzia familia barruan. Beraz, gora egin du indarkeria mota horrek ere, 726 biktimaren berri izan baitzen aurreko urteko aldi berdinean (+%17,5).