AKTUALITATEA
376. Hori izan da Gipuzkoako zahar etxeetako langileek borrokan igaro behar izan duten egun kopurua. Izan ere, urtebete baino gehiagoko grebaldiaren ondoren, sektore horretako Gipuzkoako beharginek eta sindikatuek (ELA eta LAB dira nagusi sektore horretan) zenbait hobekuntza adostu dituzte patronalarekin, aurreakordioa erdietsiz, eta itun berria sinatuko dute datorren abenduaren 18an: besteak beste, lan-taldeak handitu eta lan-kontratu partzialak murriztuko dituzte aurrerantzean. Lurraldeko 62 egoitzatako langileak aritu dira borrokan: 5.000 inguru izan dira, eta horietako gehien-gehienak emakumeak dira. Behargin askorentzat, "oinarri sendoak" jarriko ditu akordio berriak, eta lortutakoak "aurrerapauso handiak" dira.
2022an sinatu zuten zahar etxeetako azken lan-hitzarmena, baina 2024ko abenduaren 31n iraungi zen hori. Hala, sektoreko ordezkari sindikalek negoziazio-mahaira deitu zuten 2025eko urtarrilean, baina urte hartako ekainera arte ez ziren lehenengoz bildu patronalarekin. Alabaina, denbora luzez negoziazioek ez dutenez aurrerapausorik eduki, urte eta erdiz mobilizatzeari ekin zieten langileek, eta azken 376 egunak greban eman dituzte: Gipuzkoako zortzi lantegitan greba mugagabeari eutsi diote, eta beste dozenaka egoitzatan bizpahiru greba-egun antolatu dituzte hilero-hilero. Hori horrela, joan den ostiralean, hilaren 20an, langileen eta enpresarien ordezkariek bilduta igaro zuten goiza, eta hiru orduko hartu-emanaren ostean aurreakordioa erdietsi zutela iragarri zuten.
Aurreakordioko hobekuntzak: partzialtasuna, lan-taldeak, soldata eta ongizatea
Aurreakordioari dagokionez, honako hobekuntza hauek dira langileek erdietsi dituzten batzuk: partzialtasuna oso hedatua dago sektore horretan; eta, horri aurre egiteko, kontratu partzialek gutxienez lanaldi osoaren %75 hartu beharko dute aurrerantzean. Horrez gain, 60 urtetik gorako langileek lanaldi osoak izan beharko dituzte. Beste aldarri nagusietako bati ere heldu diote: hala, zenbait lan-talde handitzea aurreikusi dute, eta derrigorrez ordezkatu beharko dituzte erretiroa hartu izanagatik hutsik geratutako lanpostuak.
Soldatari erreparatuta, KPI kontsumo-indizearen araberako zenbait igoera iragarri dituzte: %0,5koa eta %0,8koa 2027an eta %0,75ekoa 2028an. Aurreko igoera horri 2025erako eta 2026rako aurreikusitako igoerak gehitu behar zaizkio: hurrenez hurren, %3,7koa, eta %3,4koa zein %0,8koa. Ondorioz, lanaldi osoko langileen soldata gordinak 2.000 euroko balioa gaindituko du.
Beharginen bizi-baldintzak ere kontuan izan dituzte negoziazioan zehar. Horiek horrela, honako hobekuntza hauek adostu dituzte: langile guztiek errelebo-kontratua edukitzeko aukera izango dute, eta 60 urtetik gorako langileek lanaldia %25 murrizteko eskubidea izango dute. Bestela, osasunari dagokionez, soldata osoa bermatuko zaie beharginei gaixotasun arruntak edo profesionalak bizi badituzte, eta urteko egutegia zehaztuko dute urtarrilaren 31n beranduenez. Bukatzeko, euskara-planak egiteko eta adosteko beharra hitzartu dute, hitzarmena indarrean egon bitartean: baldintza berriak 2025eko urtarrilaren 1aren eta 2028ko abenduaren 31ren artean aplikatu dira, dena ondo bidean.
Dena dela, langileen ordezkariek ohartarazpen irmo bat egin zuten ostiralean, bilera bukatu berritan: "Gaur adostutako hitzarmen hau greba mugagabeak antolatu dituen asanblada bakoitzak sinatu beharko du, eta ez ditugu greba mugagabeak bertan behera utziko dena ondo itxita egon arte".