Atzo, ekainaren 3an, 28 pertsona atxilotu zituzten Iruñerrian (Nafarroa), iazko urrian Vito Quilesen aurka protesta egiteagatik. Euren abokatuek salatu dutenez, asko euren lanpostuan edo ikastetxean atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta hamabik komisarian pasatu behar izan dute gaua. Goizean zehar utzi dituzte aske, epailearen aurretik igaro ahala, eta momentu honetan, libre daude guztiak.
Urriaren 30ean Quiles agitatzaile faxistaren kontra mobilizatzeagatik, "desordena publikoak" eragitea egozten diete atxilotuei. Gaua polizia-etxean igaro duten hamabi lagunei, gainera, "agintaritzari eraso" egitea ere leporatzen diete.
Atzo arratsaldean, manifestazio jendetsu bat izan zen Iruñeko Alde Zaharrean, atxilotuen askatasuna exijitzeko. Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak antolatu zuen protesta, eta ehunka pertsona batu ziren.