AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Arrazakeriari eta faxismoari ateak itxi dizkiote Gasteizko Adurtza auzoan
Larunbat arratsalderako, ideia arrazistetan oinarritutako bilera-deialdi bat zegoen egina Hegoalden; Voxeko eta PPko kide bana besterik ez ziren agertu. Gasteizko hainbat eragilek faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako mobilizazio bat egin zuten parean.
2026eko ekainaren 7 - 22:43
Arrazakeriari eta faxismoari ateak itxi dizkiote Gasteizko Adurtza auzoan

Aurreko larunbatean, faxismoari eta arrazakeriari ezetz esateko protesta bat egin zuten Gasteizko (Araba) Adurtza auzoan. Izan ere, arratsaldeko 18:00etarako, ideia arrazistak hedatzen saiatzeko bilera bat zegoen antolatuta Hegoalde gizarte-etxean, Euskal Herriko beste hainbat hiritan eta herritan azken urtean argitaraturiko deialdien tankerakoa: segurtasun-arazoak argudiatuta, pertsona etorkinak eta pobreak jartzen zituzten jomugan antolatzaileek. Horiek horrela, "faxismoari eta arrazakeriari ateak ixtera" deitu zuten Gasteizko hainbat eragilek, eta Hegoalde parean elkarretaratu ziren ordu-laurden lehenago, 17:45ean.

Mobilizazio antifaxistara batzera deitu zuten, hain zuzen ere, Adurtzako Gazteek, Askapenak, Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak, Gasteizko Gaztetxeak, Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Zapateneok. Seinalatu zuten "tentsioa sortu duten gertakariak" izan direla azkenaldian Adurtzan, egoera "biolentoak" tartean, baina "erreakzionarioak inposatzen ari diren ulermen-markoa ez dela irtenbide bat", eskuin muturreko taldeak zabaltzen ari diren ideiei erreferentzia eginez. "Faxismoak muturreko bazterkeria egoeran dauden pertsona guztiak zigortu, kanporatu eta baztertu behar direlako ideian sakontzen du, eta horrela bizitzera kondenatzen dituzten egiturazko arrazoiak, miseriazko bizi-baldintzak edota eskubide ezaren auzia eztabaidatik ateratzen ditu", gaineratu zuten aipatutako kolektiboek.

Gogorarazi zuten azken asteetan etorkinen, kale-egoeran dauden pertsonen edota okupazioaren kontra sortutako seinalamendu izugarrian "koordinatuta" aritu direla Vox, Polizia eta Gasteizko Udala, "Voxek eta Vocentok abiatutako kanpaina kriminalizatzaileei jarraipena emanez". Horren adibidetzat jo zituzten bai Errekaleorreko gertakariak bai Musika Kontserbatorioaren kanpoaldean lo egiten zuten etxerik gabeko pertsonak desalojatu izana.

"Errotan, Aranan, Abetxukon saiatu dira jokaldi erreakzionarioak egiten; orain Gasteiz hegoaldeko fabrika zein auzoetan egindako maniobra dugu aurrean", ohartarazi zuten: "Kale-egoeran dauden pertsonak fokuaren erdigunean jarri dira, haien aurkako kanpaina antolatuz". Testuinguru horretan, PP zein Vox diskurtso faxista indartu nahian ari direla salatu zuten mobilizazio antifaxistaren deitzaileek, eta uste dute udalak ere bat egin duela "pobrezia eta migrazioa segurtasun-arazo gisa aurkezten dituen marko erreakzionarioarekin".

Larunbateko protestaren ondoren, hala, berretsi zuten antolatuz eta mobilizatuz egin behar zaiela aurre ideia erreakzionarioak hedatzea bilatzen duten deialdiei. Nabarmendu zuten, gainera, Adurtzako bilera-deialdiaren kasuan ere, garbi geratu zela ez zela "auzokideen" ekimen bat: PPko eta Voxeko kideak soilik bertaratu ziren bilkurara (Jonatan Romero eta Gustavo Antepara hurrenez hurren); hain justu, azken asteetan aipatutako kanpaina antiproletarioa sustatu duten alderdi nagusiak.