Estatu Batuetako Gobernuak duela gutxi argitaratu du 2026ko Terrorismoaren Aurkako Estrategia, mugimendu anarkistak eta antifaxistak "ezkerreko estremista biolentoen" kategorian kokatzen dituen dokumentu bat. Testu ofizial horretan, herrialdeak aurrez aurre dituen "mehatxu terroristak" aipatzen ditu Etxe Zuriak, eta hiru mota nagusi bereizten ditu: narkotrafikoko kartel transnazionalen eta erlijio-talde fundamentalista tradizionalen maila operatibo berean jartzen ditu talde anarkistak eta antifaxistak. Ezkerreko eta antifaxismoaren aurkako disidentzia politikoaren kriminalizazio zuzena dakar horrek.
Donald Trump presidentearen zuzendaritzapean, doktrina berriak lehentasun modura hartzen du "talde politiko sekularrak azkar identifikatzea eta neutralizatzea"; izan ere, administrazioak "estatubatuarren aurkakotzat" eta "anarkistatzat" jotzen du ideologia hori. Dokumentu estrategikoak iragartzen du "tresna konstituzional guztiak" erabiliko dituztela kolektibo horiek "mapatzeko", AEBetan zein atzerrian; zer eta militantzia identifikatzeko eta "Antifa" modura "nazioarteko erakundeekin" dituzten loturak ikertzeko. Adierazitako helburua tresna polizialak erabiltzea da, haiek "operatiboki elbarritzeko".
Hedapen errepresibo hori justifikatzen du dokumentuak, ezkerreko mugimenduek AEBetako "printzipioen aurkako ideologia erradikalak" hartu dituztela argudiatuz. Administrazioaren arabera, aurreko agintaritzek "arma politiko bihurtu dute inteligentzia-aparatua", eta alde batera utzi dituzte ustez "sektore kontserbadore eta kristauen" aurka eta "motibazio politikoarekin" izandako hilketak. Agiri estrategikoak dio "herritarrak babestea" bilatzen duela "muturreko ideologia transgenero" eta "anarkista" deritzenak sustatzen dituztenengandik.
"Laguntzen dieten gobernuen aurka"
Etxe Zuriak ohartarazi du, Estatu Batuetako taldeak ez ezik, "estatu-babesleak" eta "ezkerreko erradikal horiei laguntzen dieten gobernuak" ere jazarriko dituela. Ekintza-planak adimen-, finantza- eta zibernetika-operazioak biltzen ditu, aipatutako antolakundeei ematen zaien edozein laguntza "ahultzeko edo uxatzeko", kontrol soziala indartuz segurtasun nazionalaren aitzakian.
Anarkisten eta marxisten aurkako nazioarteko goi-bilera
Mundu mailako jazarpen politiko hori gauzatzeko, Trumpen administrazioak nazioarteko goi-bilera bat antolatu du aurtengo ekainerako edo uztailerako. Iturri diplomatikoek Reuters agentziari jakinarazi diotenez, Thomas DiNannok (Armen Kontrolerako eta Nazioarteko Segurtasunerako estatu-idazkariordea) gidatuko du ekitaldia, eta nazioarteko koalizio bat sortzea du helburu, espioitza- eta inteligentzia-trukea koordinatzeko "anarkisten eta marxisten" aurka. Aurreko azaroan Antifa Ost (Alemania), Federazio Anarkista Informala (Italia), Justizia Proletario Armatua eta Autodefentsa Klasista Iraultzailea (Grezia) bezalako erakundeen aurka ezarritako zigorren ildotik doa ekimen hau.