AKTUALITATEA / Ingurugiroaren suntsipena
AHTari buruzko erabakiak aurten hartu behar direla dio Garraio estatu-idazkariak
Zundaketak udaberrian bukatu nahi dituztela esan du Jose Antonio Santanok, eta 'Euskal Y'-a "2033 aurretik inauguratzeko" asmoa erakutsi du hainbat hedabideren aurrean. Ekainaren 13an, AHTari ezetz esateko elkarretaratze bat izango da Iruñean.
2026eko maiatzaren 28 - 07:36
AHTari buruzko erabakiak aurten hartu behar direla dio Garraio estatu-idazkariak
Protesta Idiazabalen. — ARGAZKIA AHT Gelditu!

Abiadura Handiko Trenari (AHT) lotutako berri gehiago izan dira azken asteetan, urratsak egiten jarraitu nahi baitute Espainiako Garraio estatu-idazkaritzatik. Hilabete honetan bertan, El Correo-ri eskaini zion elkarrizketa bat Jose Antonio Santanok, Garraio estatu-idazkariak, eta makroproiektuari buruzko aurreikuspen bat egin zuen bertan: "Espero dut Euskal Y-a 2033 aurretik inauguratu ahal izatea".

Bestalde, komunikabide baten baino gehiagoren aurrean jakinarazi du hurrengo asteetan amaitu nahi dituztela zundaketak, Aralar mendilerroan egiten ari direnei erreferentzia eginez hala nola; eta laster erabakiko omen dute ea zein ibilbide zehatz egingo lukeen trenak. Zehazteke dago ea Gasteiztik (Araba) edo Ezkiotik (Gipuzkoa) igaroko den, Nafarroako lurrekin lotuz. Ikusteke dago, beraz, ea zein bolante-kolpe emango dituen oraindik proiektuak, hainbat hamarkadaz etengabeko aldaketak jasan ostean.

Santanok gaineratu du "konpromisoa" dutela "ezer ez inposatzeko", eta obraren nondik norakoak Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin "adostuko" omen ditu, epeak eta kostu ekonomikoak aztertu ahala. Irungo (Gipuzkoa) alkate izandakoa da Santano, Oscar Puentek Espainiako Garraio Ministeriorako fitxatu aurretik.

AHTari ezetz esateko elkarretaratzea eta argazkia ekainaren 13an

Obrek aurrera egin ahala, jendartean proiektuak sortzen duen gaitzespenak eta mobilizazio sozialak indartsu jarraitu dute. Zundaketen kontrako protestak izan dira azken urteanEz Gasteiztik! Ez Ezkiotik! AHTrik ez! lelotzat hartuta besteak beste, eta AHTa eraikitzeko lanetan izandako lan-heriotzak eta langileek jasaten dituzten baldintza miserableak ere salatu dituzte. AHT Gelditu! plataformak beste deialdi bat egin du ekainerako, Iruñean (Nafarroa): ekainaren 13an Burgoen Plazara bertaratzera deitu du, AHTaren kontrako kontzentrazio bat egiteko eta argazki jendetsu bat ateratzeko.