Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko obretan, behargin bat hil zen herenegun, lan-istripuz. Atxondoko (Bizkaia) Arrazola auzoan izan zen: pieza bat jausi zitzaion gainera 49 urteko enkofratzaile bati, eta bertan hil zen, odolustuta. Conprovial (Constructora Proyectos Viales de Colombia) enpresarentzat aritzen zen soldatapean, eta Atxondo-Abadiño izeneko aldi baterako enpresa-elkarteak (Dragados eta Tesca konpainiek eratua) zeukan azpikontratatuta.
AHT Gelditu! plataformak salatu duenez, "Atxondon gertatu zena ez da heriotza bat, hilketa bat baizik". Eta erailketa horrek, hain zuzen ere, hainbat kausa dituela azaldu du: "enpresa handien diru-gosea", "langileen segurtasunaz arduratu beharrean, obratik ahalik eta etekin ekonomiko handiena atera nahi baitute"; "instituzioek baimendutako azpikontratazio-kateak, non kaltetu handiena azpikontratatutako enpresetako langilea den"; "makroazpiegitura mota horretako langileek jasotako tratu arrazista umiliagarria eta iraingarria, kasu gehienetan zaurgarritasun handiko egoeran dauden migratzaileak baitira"; eta "estatuko zein autonomia-erkidegoetako administrazioen arduragabekeriak, ezbehar asko eragiten dituzten obren segurtasuna behar bezala gainbegiratzen ez dutelako, [...] enpresekiko adostasun osoz".
Atxondon izan den azken hilketari dagokionez, AHT Gelditu!-k jakinarazi du tartean nahasia dagoen enpresetako bat, Dragados hain zuzen ere, "AHTaren G-7 izeneko mafiako partaidea" dela; hala deitzen dio "zazpi enpresa handik sortutako talde auzipetu eta isundu" bati. "Obren kontratu publikoak euren artean modu iruzurtian banatzeagatik" kondenatu izan dituzte konpainia horiek.
AHTaren obrak gelditu
Plataformak berriz seinalatu du "Euskal Herriko inoizko proiektu suntsitzaile, xahutzaile eta antisozialena" dela AHT, eta gogorarazi du berriki atera dituela argitara hura eraikitzeko lanetan ari diren beharginek jasan behar duten lan-erregimena: "Duela hilabete gutxi salatu genuen bezala, azpiegitura horren eraikuntzan gertatzen diren lan-baldintzek (langileen bizitza eta osasungarritasuna etengabeko arriskuan jartzen dituztenak) aspalditik desagerrarazi behar ziren esklabotza-baldintzak gogorarazten dizkigute".
Gaineratu duenez, "AHT bezalako azpiegitura megalomanoak ez lirateke posible izango horiek gauzatzen dituen langile-klasearen esplotazio-baldintzarik gabe", eta horren isla dira obrak hasi zirenetik lan-istripuz hil diren hamahiru beharginak. "Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian AHTaren obrak berehala gelditzea eskatzen dugu behin eta berriro", dio.