AKTUALITATEA / Gerra
AEBek beren gaitasun militarrak erdira murrizteko asmoa omen daukate Europan
'Der Spiegel'-en arabera, Pentagonoak aliatu europarrak behartu nahi ditu gastu militarraren gorakada bizkortzera, murrizketa hori ordaindu ahal izateko.
2026eko maiatzaren 28 - 06:29
AEBek beren gaitasun militarrak erdira murrizteko asmoa omen daukate Europan
— ARGAZKIA Boris Roessler-dpa

Europako lurraldean NATOri egiten dion ekarpen militarra nabarmen murrizteko asmotan omen dabil Estatu Batuetako Gobernua. Alemaniako Der Spiegel egunkariak iturri diplomatikoak aipatuta jakinarazi duenez, Pete Hegsethek, AEBetako Defentsa idazkariak bidalitako pertsona batek, formalki helarazi die erabakia blokeko kide diren gainerako herrialdeetako goi-funtzionarioei. Joan den astean helarazi omen zuen mezua erakundearen egoitzan, Bruselan, ateak itxita egindako bilera batean. Horren ondorioz, nabarmen murriztuko lirateke Washingtonek "Indarren Eredua" deiturikoarekin gaur egun dituen konpromisoak. "Indarren Eredua" da, hain zuzen ere, berehalako erantzunerako eta lurralde-disuasiorako ezarritako markoa, eta horren bidez zehazten dute NATOk Europan duen komandante gorenak zein unitate zehatz izango lituzkeen eskura "krisi egoeren" aurrean.

Alexander Vélez-Greenek (Hegsetheko aholkularia) aurkeztu zituen datuak eta atzera-egiteko planak estatu kideen ordezkaritzetan. Donald Trump agintera itzuli zenetik urtebete baino gehiago igaro ostean, espero zitezkeen Europan karga finantzario eta militarren "birbanaketa bidezkoagoa" lortzeko presioa eta urruntzea Etxe Zuriaren partetik. Dena den, murrizketaren tamaina eta azkartasuna "harrigarriak" izan dira Bruselako ordezkarientzat, Der Spiegel-n arabera. Orain arte, Estatu Batuek eman dute gerra-eredu horren ahalmen operatiboen ia erdia, baina Washingtonek uste du jarrera hori "jasanezina" dela, eta, orain, eskatzen du aliantzaren Europako estatuek "premiaz konpentsatu" dezatela harreman hori.

AEBen planak bonbaketari estrategikoen ekarpena erdira murriztea eta gaur egun Europari esleitutako borroka-hegazkinen herena berehala erretiratzea aurreikusten du. Ildo horretan, Washingtongo agintariak esplizituki argitu du AEBek Europan duten aterki nuklearra bere horretan mantenduko dela bere kanpo-politikaren zati gisa, "berme" hori eta aktibo konbentzionalen atzera-egitea bereiziz.

Etxe Zuriaren helburu nagusia omen da Europak bere gain hartzea NATOren gastu gehiena, Europako lurraldeari dagokionez behintzat. Hori dela eta, Ipar Amerikako gaitasunen murrizketa itsas- eta teknologia-esparrura ere hedatuko litzateke, eta laguntza operatibo txikiagoa izango lukete suntsitzaileek, itsaspekoek eta drone-sistema armatuek nahiz errekonozimendukoek.