Datorren azaroaren 11n, etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorra izango da Espainiako Estatuan. Hego Euskal Herrian, deialdiarekin bat egin dute etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak, eta greba erregistratu dute jada. Espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea defendatuko dute azaroaren 11n.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista grebara begira lanean ari da jada: 80 herritan eta auzotan antolatu ditu asanbladak, "mobilizazioa zabaltzeko, antolakuntza sustatzeko eta greban parte hartzea herri eta auzoetatik prestatzeko". Lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ari dira asanblada horien deialdiak zabaltzen.
"Batzar horien bidez, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak langile-klasea mobilizatu nahi du, azaroaren 11ko greba orokorra espekulatzaileen, errentisten eta haien zerbitzura dauden politikarien aurkako erantzun zabala izan dadin", gaineratu dute.
