AKTUALITATEA / Alardea

30 urte dira Hondarribian 26 emakume, lehen aldiz, Alardean parte hartzen ahalegindu zirenetik

1996ko irailaren 8an, 26 emakume soto batetik irten eta, soldaduz jantzita, desfile tradizionalean parte hartzen saiatu ziren. Urtebete beranduago sortu zuten Jaizkibel konpainia parekidea. Gatazkak bere horretan jarraitzen du, eta bi aldeen arteko elkarrizketak geldiarazi ditu HAOSE desfile "tradizionalaren" elkarte antolatzaileak.
2026eko irailaren 10 - 07:16
30 urte dira Hondarribian 26 emakume, lehen aldiz, Alardean parte hartzen ahalegindu zirenetik
— ARGAZKIA Podemos

Herenegun, irailaren 8an, Alarde Eguna ospatu zuten Hondarribian (Gipuzkoa). Herriko jaien egun nagusian, efemeride garrantzitsu bat bete da aurten: 30 urte dira 26 emakume soto batetik irten eta, soldaduz jantzita, desfile "tradizionalean" parte hartzen ahalegindu zirenetik. Hurrengo urtean osatu zuten Jaizkibel Konpainia: emakume zein gizon, gainontzeko konpainiekin batera Hondarribiko Alardean parekidetasunez desfilatzea aldarri duen konpainia bakarra.

Urtero-urtero, hazi egin dira bai konpainia (aurten 1.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu), bai herritarren babesa, baina oraindik ere Alarde "tradizionalaren" zuzendaritzak ez dio men egin eskaerari. Hori guztia dela eta, hainbat hedabidek ahotsa eman diete duela 30 urte Hondarribian aitzindari izan ziren 26 emakume horiei. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan, aitortu zuten ekintzaren osteko hilabete eta lehen urteak infernua izan zirela haientzat eta ingurukoentzat: San Pedro kalean, haien argazki, izen-abizen, helbide eta telefonoak ageri zituzten afixak ezarri zituzten, dei eta mehatxuak jaso zituzten, seinalamendu eta bazterketak, eta abar. Zorionez, urte osoan zehar eta denbora honetan guztian zehar, norbanako eta eragile ugariren lanari esker, parekidetasunaren aldeko aldarrikapenak kalean daude gaur egun, eta geroz eta babes eta oniritzi sozial handiagoa dituzte.

Astearte goizeko desfilean zehar, omenaldia egin zieten 26 emakume horiei. Harresilanda kalean zehar, eskertza mezuz eta 1996ko eszenen marrazkiz beteriko pankartak eskegi zituzten; eta, Jaizkibel Konpainiaren aurretik, Kale Nagusian gora egin zuten emakume horiek pankarta bati helduta. Mezuan, zera zioen: Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok alardean.

Konponbidearen aldeko elkarrizketak, geldiarazita

2025eko urriaren 2an, elkarrizketarako eta konponbiderako mahaia osatu zuten Hondarribiko Udalak (Abotsanitz herri-plataforma), Jaizkibel Konpainiak, eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (HAOSE). Udalaren hitzetan, mahaiak "Alardearen inguruko gatazka sozialean elkar ulertzea eta konponbide partekatuak sustatzeko bitartekaritza-prozesu bati ekitea" zuen xede. Azken horrek emakumeei edozein postutan parte hartzea galarazten dien desfilea antolatzen du. Prozesuan, Baketik fundazioak parte hartu du, bitartekari-lanak egin asmoz.

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte lau entitateek. Dena dela, joan den abuztuaren 24an, konponbiderako elkarrizketa-prozesua utzi egin zuela adierazi zuen HAOSEk, prozesuaren hasierako fasean. Orduan, Igor Enparan alkateak elkarrizketarako "borondatea" badagoela eta gatazkak "urte gehiegiz" iraun duela adierazi zuen. Dena dela, gertakari horietatik 30 urte bete badira ere, HAOSEk alarde parekide eta bakarra galarazten segitzen du.