Espainiako Barne Ministerioak AVTri eta beste zenbait elkarteri gutun bidez jakinarazi dienez, ez dute 7/2014 legea aldatzeko asmorik. Zenbait hedabidek zabaldu zuten, lege hori aldatu, eta Frantziako Estatuan betetako urteekin Espainiako Estatuko espetxealdia murrizteko bidea irekiko zuela berriz gobernuak. Barne Ministerioaren menpeko Terrorismoaren Biktimen Sostengurako Zuzendaritzak, ordea, gezurtatu egin du informazio hori.
Europako Batasunak 2008an onartutako arau baten arabera, estatu batean ezarritako zigorrak gainerakoetan ere aintzat hartu behar lirateke, inor ez zigortzeko bi aldiz delitu beragatik. Espainiako Gobernuak, ordea, salbuespen batzuk ezarri zizkion irizpide horri 2014an, besteak beste, euskal preso politikoei eragiten zietenak. Auzitegi Gorenak, gainera, erabaki hori babestu zuen 2015ean. Hala, Espainiak Frantzian egindako espetxe urteak aintzat hartu gabe betearazten die zigorra euskal preso politikoei: delitu beragatik epaitu arren, ez dizkie kondena osotik Espainian bete beharreko zigor urteak murrizten.
Gaur egun, Espaniako Estatuan preso dituzten 50 bat euskal preso politikori eragiten die lege horrek —legea haien alde interpretatuz gero, berehalakoan irtengo lirateke kalera preso batzuk—, eta oraindik Frantzian dauden beste batzuei ere eragingo die etorkizunean. Praktikan, zigorrak luzatzea dakar Europar Batasunaren zuzentaraua gaur arte bezala betearazteak.