ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/23 12:14

Kaletik Gaztetxera asanbladak abenduaren 6an jakinarazi zuen lehen Correosek erabiltzen zuen eraikina okupatu zuela, Durangoko (Bizkaia) Gaztetxe berria bihurtzeko. Legez kontrako sarbide-kontrol bat ezarri ostean, polizia-indarrek abenduaren 15ean desalojatu zuten Gaztetxea, agindu judizialik gabe. Gertatutakoaren inguruan "kontakizun faltsuak" zabaldu direla salatu dute asanbladako kideek, eta hainbat argipen eta exijentzia egin dituzte.

Gezurtatu egin dute, esaterako, udal-gobernuak desalojoaren egunean adierazitakoa: "Durangoko Udalak elkarrizketarako deia egin du, gazteek Correoseko eraikina uzteko erabakia hartu ondoren", adierazi zuen hilaren 15ean. Kaletik Gaztetxerak egun luzez salatu zuen, baina, elkarrizketa orori uko egin ziola alkatetzak. Hori gutxi balitz, asanbladako bost kideren kontrako salaketak aurkeztu dizkio Poliziari alkatetzak.

Segurtasuna aitzakia

Udalak, gainera, esan zuen gazteek hartutako eraikinak ez dituela "gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen", baina haiek argitu dute "oso egoera onean" dagoela, eta haiek botatzeko aitzakia bat baino ez dela ustezko egoera txar bati buruz hitz egitea. "Udalak nahiago du, gazteon bizitzak hobe ditzakeen proiektuak garatzen utzi baino, eraikina azkeneko hamabost urteetan bezala hutsik mantendu eta gazteria jazartzea", kritikatu dute.

Errepresio polizialari buruz mintzatzean ere ustezko segurtasun bati egin dio erreferentzia udal-gobernuak: "Guztien segurtasuna bermatzeko, eraikinaren egoera ikusita, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren eta eraikinera sartzea eragotzi zuten". Kaletik Gaztetxera asanbladak ironiaz seinalatu du, ordea, nola "bermatu" zuten poliziek "guztion segurtasuna": "Musean jolastu nahi zuten gazteak jipoituz, foam pilotak jaurtiz eta sarbide-kontrol ilegalak ezarriz".

Eta komunikabide gehienek udalaren gezurrak indartu dituztela iritzi dio asanbladak. Adibide modura aipatu ditu lerroburu batzuk: "Gazte okupek abandonatu egin dute Correosen eraikina Durangon" (El Correo), "Ertzaintzak Durangoko Gaztetxerako sarrera galarazi du eta tentsioa sortu da" (Anboto), eta abar.

Alderdi politiko guztiak eskutik

EH Bilduren jarrera ere gaitzetsi du Kaletik Gaztetxerak: "Beraiek udal-gobernuan zeudenean eta egoerari irtenbide bat emateko aukera izan zutenean, promesa faltsuak besterik ez zizkiguten eman. [...] Gaur-gaurkoz EAJk Garai Jauregitik bota ahal izan bagaitu, bere momentuan bertan geratzeko bermerik eman ez zitzaigulako da". Oroitarazi du EH Bilduk "ezikusiarena egin" ziola "gazteen jardunari" Gaztetxe berriko ateak ireki zituztenean eta horren osteko gertakarietan, eta, beranduago, "alderdiaren interesen mesedetara" argitaratu zuela "idatzi oportunista bat".

"Udaleko alderdi guztiek udalaren jarrera babestu dute beraien isiltasunarekin", gaineratu du asanbladak: "Idatziak idatzi, alderdi batek ere ez du salatuta dauden gazteen alde egin".

Lau exijentzia udalari

Horiek horrela, Kaletik Gaztetxerak lau exijentzia egin dizkio alkatetzari: Garai Jauregitik indarrez bota zituztenean bertan geratu zen material guztia berreskuratu ahal izatea, asanbladari behin-behineko espazio bat bermatzea astero elkartu ahal izateko, asanbladako bost kideen kontra jarritako salaketak atzera botatzea, eta negoziazio-mahaiari jarraipena ematea.

Asanbladak, dena den, eskerrak eman dizkie abenduko egun horietan zehar Gaztetxera bertaratu ziren gazte guztiei, baita "eskualdeko eta inguruko Gazte Asanblada zein Gaztetxeei ere, emandako laguntza guztiarengatik". Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearen lana ere nabarmendu du: "Antolatuz soilik delako posible, jarrai dezagun elkartasuna antolatzen".

NO HAY COMENTARIOS