Yemengo Ansarullah Mugimenduak, huthiak izenez ezagunak, astelehen honetan agurtu ditu bere gobernuko Ahmed al Rahawi lehen ministroa eta beste 11 gobernukide. Joan den ostegunean erail zituen Israelgo Estatuak, Yemengo hiriburu Sanan egindako aire-eraso batean. "Aldaketaren eta Eraikuntzaren Gobernua" deiturikoaren kabinetearen bilera bati eragin zion bonbardaketak. 2024ko abuztuan eratu zuten gobernua 22 buruk.
Hildakoen artean daude Jamal Amer Kanpo Arazoetako ministroa eta gakoak diren hainbat eremutako ministroak; hala nola Informazio ministroa, Ekonomia eta Industria ministroa, Elektrizitate ministroa, Gai Sozial eta Lan ministroa, Kultura eta Turismo ministroa, Kirol ministroa, Justizia ministroa eta Arrantza ministroa. Kabineteko burua eta gobernu-idazkaria ere hil dituzte, huthiek argitaratutako zerrenda ofizialaren arabera. Yemengo iparralde, erdialde eta mendebaldeko eremu zabalak kontrolatzen ditu gobernuak, matxinoek 2014an boterea hartu zutenetik.
Azken erasoa "operazio konplexu" gisa deskribatu dute sionistek, "aireko inteligentzian eta nagusitasunean" oinarritua eta goi-agintari huthiak biltzen ziren gune batean zentratua. Israelgo Estatuaren arabera, Yemengo kabineteburua, Defentsa ministroa eta beste hainbat goi-kargu ziren helburu nagusiak. Huthien bozeramaile batek baieztatu du zenbait ministro eta langile publiko hil zirela sionisten "ekintza kriminalean", eta errepresalien "etengabeko gorakada" bat izango dela gaineratu zuen.
Huthiek mendekua agindu dute
Mahdi al Mashat Yemengo Errepublikako Kontseilu Politiko Goreneko buruak ohartarazi du "mendekuak" ez duela "lorik egiten", eta "egun ilunak" iragarri ditu estatu sionistarentzat. Abdelmalek al Huti buruzagi nagusiak telebistaz emandako hitzaldi batean adierazi duenez, bere mugimenduaren determinazioa indartzen du sionisten erasoak, eta azaldu du bere gerraren parte dela gertaturikoa. Israelen interesen aurkako eraso militarrak mantentzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu du, misilen, droneen eta itsas-erasoen erabilera barne.
Sionisten azken erasoa gertatu eta gutxira, huthiek iragarri zuten misil balistiko bat jaurti zutela petrolio-ontzi israeldar baten aurka Itsaso Gorriaren iparraldean, errepresalia zuzentzat jotako ekintza batean. Israelen helburuen aurkako operazio militarrak areagotzeko asmoa berretsi du Yemenek, Gazaren gaineko erasoaldi genozida amaitu eta palestinarrek pairatzen duten blokeoa altxatu arte.