Aurreko larunbatean, otsailaren 1ean, Basauriko (Bizkaia) Txarraska Gaztetxeari eraso zioten. "Gaztetxearen aurkako lapurretak eta espazioan egondako suntsiketak" salatu dituzte bertako kideek, eta jakinarazi dute, "hankaz gora uzteaz gain, espazioko ate eta sarraila guztiak hondatu" dituztela. Erasoan "kalte materialak eta ekonomikoak" eragin dituzte, "milaka euro baino gehiago balio dutenak".
"25 urte baino gehiago daramatzagu komunitatea antolatzeko espazioa izaten eta ez dugu inoiz horrelako erasorik izan", ohartarazi dute. Dena den, diote gertatutakoak ez duela "autogestioarekiko dugun konpromisoa geldituko", eta lanean jarraituko dutela: "Gaztetxeak ezinbesteko espazioak direla pentsatzen jarraitzen dugu". "Erasoen aurrean antolatuak aurkituko gaituzue", gaineratu dute.
Hitzordu bat jarri dute asteburu honetarako: larunbatean, 09:00etan hasita, auzolana egingo dute Txarraskan, eta bertaratzera deitu dute.