ACTUALIDAD / Iranen aurkako eraso inperialista
Trumpek Ormuzen blokeo militarra iragarri du, Islamabadeko negoziazioek porrot egin ostean
Washingtonek gora egin du Iranen eta munduko merkataritzaren aurkako erasoan, eta agindu du bere armada hedatuko duela Ormuzko itsasartean, itsas-trafikoa blokeatzeko.
2026eko apirilaren 13 - 09:30
Trumpek Ormuzen blokeo militarra iragarri du, Islamabadeko negoziazioek porrot egin ostean
— ARGAZKIA The White House (X)

Irango eta AEBetako goi-mailako ordezkaritzen arteko negoziazioek kolapsatu egin dute Islamabaden, eta tentsio-fase berri bat ekarri du horrek. Donald Trumpek atzo iragarri zuen, hain zuzen ere, Ormuzko itsasartea blokeatzeko agindua emana dagoela. Irani arteria estrategiko horren kontrola kentzea da neurriaren helburua. Presidenteak Truth Social sare sozialean egindako adierazpenen arabera, Estatu Batuetako Armadak jarraibideak ditu itsasarte horretan sartzen edo bidetik irteten saiatzen den ontzi oro geldiarazteko, baita Irango agintariei zirkulazio-tasak ordaindu dizkieten ontziei jazartzeko ere. Washingtonek "estortsiotzat" jo du Ormuzen bidesariak kobratzea.

Pakistan bitartekaritzat izan duten elkarrizketak eten egin dira, 20 orduko hartu-eman hutsalen ostean. Elkarrizketa horietan, Trumpen administrazioak "konpromiso irmoa" eskatu zuen Irango programa nuklear zibila desegiteko bidean. AEBetako presidenteorde J.D. Vancek, Jared Kushner eta Steve Witkoffekin batera ordezkaritzako buru izan denak, hedabideen aurrean esan zuen Iran "zurruna" izan dela eta ezin daitekeela bermatu Teheranek uranioa aberasteko dituen helburu subiranoei uko egingo dienik. Bestalde, Mohammad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak salatu zuen AEBak ez direla "konfiantza lortzeko gai", hainbat hamarkadatako erasoen eta otsailaren 28an hasitako 40 eguneko gerraren ondoren. 

Irango Medikuntza Forentseko Erakundearen datuek agerian uzten dute Washingtonek eta Tel Avivek egindako sarraskiaren tamaina: 3.753 hildako eta azpiegituraren suntsiketa sistematikoa, 400 zentro mediko eta eskola barne. Gertakari gordinenen artean, Irango agintariek Shajareh Tayyebeh lehen hezkuntzako eskolaren bonbardaketa nabarmentzen dute, Minaben. Bertan 168 pertsona erail zituzten, gehienak neskatoak. Giza-bizitzaren eta ondasunen suntsiketa maila hori gorabehera, Iranen egitura militarrak ez du kolapsatu, eta erantzuteko gaitasunari eutsi dio. Hori dela eta, gatazka nazioartera zabaltzen saiatu da Etxe Zuria, Erresuma Batuko minaketariak eta beste bidalita, "Iranen itsas-kontrola neutralizatzeko". 

Trumpek dio Etxe Zuria "kargaturik eta prest"(locked and loaded) dagoela, eta badirudi ez dituela kontuan hartzen nazioarteko inteligentzia-ebaluazioak: adierazi dute ez dutela inolako frogarik aurkitu baieztatu ahal izateko, Iranen, arma nuklearrei buruzko ustezko programa batzuk daudenik martxan. Teheranek dio bere sistema energetikoa aberastea eskubide subirano besterenezin bat dela, eta eraso militarrari eta kanpoko aktibo finantzarioen izozteari eman beharreko erantzuna dela Ormuzko blokeoa. 

Esmaeil Baqaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak aitortu du "subiranotasun- eta segurtasun-guneetan" oraindik "desberdintasun gaindiezinak" daudela, baina su-eten hauskor baten eszenatokia lausotu egin da Trumpen ohartarazpenarekin: "Guri edo ontzi baketsuei tiro egiten dien irandar oro suntsitua izango da". Bitartean, Israel edozein bide diplomatiko ezegonkortu nahian ari da, Libanori eraso eginez, Iranek edozein su-eten egiteko funtsezko pieza baita. Joe Kentek, AEBetako "antiterrorismoko" zuzendari disidente ohiak, duela gutxi dimisioa eman zuen Iranen aurkako gerraren inguruan zituen desadostasun sakonengatik. Egoerari buruzko irakurketa hau egin zuen: 

"Badirudi zero aberastearen pilula pozoitsuak Islamabadeko negoziazioak hil zituela atzo. Bederatzi egun gehiago geratzen zaizkigu su-eten honetan hau konpontzeko, baina gure helburuak lortu behar ditugu, ez Israelenak. Trumpen marra gorria beti izan da arma nuklearrik ez Iranentzat, eta zero aberasterik ez. Iran ados dago horrekin, eta 2003tik ez du bonba nuklear bat garatu edo lortu nahi izan, baina aberasteko gaitasunari eutsi behar dio, "Ez Saddam, ez Gadafi" politikak funtziona dezan. Hori dela eta, AEBen eta Iranen arteko negoziazioak bideragarriak dira, eztabaida aberaste- eta monitorizazio-mailetan oinarritzen baita. Hori mehatxu bat da Israelentzat, haiek nahi duten erregimen aldaketa/deskapitazio gerran lan astuna egitera bultzatzen baikaitu. Iranen uranio-arrasto bakoitzaren atzetik behar gaitu Israelek, horrek ziurtatzen duelako konpromiso militarra dugula Iranen. Nola egon gaitezke erabat ziur Iranek ezin duela aberastu erregimena deuseztatu gabe? Hau gerra odoltsu amaigabe baterako errezeta da, edo Israelen aurrean ezikusiarena egiteko, Iranen aurkako suntsipen handiko arma bat erabiliz. Eutsi Israeli, lortu akordio bat, ireki Ormuzko itsasartea, zentratu gure Errepublika salbatzean, eta ez inperio izatera jolastean".