Tolosako (Gipuzkoa) Udaltzaingoak su-armak ditu atzotik, maiatzaren 5etik. ERNE polizia-sindikatuaren eskaera bat ontzat emanda, epaile batek udalari exijitu dio udaltzainak suzko armaz hornitu ditzala. ERNEk 2020an egin zuen eskaera berez, baina isiltasun administratiboa zela-eta, ez zuen aurrera egin. Orduan, erakunde polizialak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta epaileak arrazoia eman zion, 2022ko urtarrilean emandako ebazpen baten bidez. Ordutik izan dira martxan udaltzaingoari su-armak bermatzeko tramiteak, eta atzo gauzatu zuten agindua.
Epaitegiko ebazpena bere eginez, udalak ia 100.000 euroko inbertsio bat egin du udaltzaingoa indartzeko eta suzko armak izango dituela bermatzeko. Armak eta munizioa erosi ditu, eta armategia sortzeko obra egin du. Atzotik, hala, udaltzainek eskuragarri dituzte arma berriak.
Polizia are gehiago armatzeko azken mugimendu horiek direla-eta, azken egunetan hainbat salaketa ikusi dira Tolosako kaleetan, margoketak eta muralak tartean. Hala seinalatzen da horietan, besteak beste: "100.000 euro Tolosako Udaltzaingoa armatzeko. 100.000 euro langileria erreprimitzeko", "Munipen armatzeari ez"...
Aurretik ere, udaltzainei su-armak ziurtatzeko ebazpen gehiago eman ditu EAEko Auzitegi Nagusiak, esate baterako, Eibarren (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa).