ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen protesta, astelehen honetan. FOTOGRAFÍA / GEDAR
2023/05/08 12:58

Greba mugagabea abiatu dute Tolosako (Gipuzkoa) Usabal kiroldegiko langileek astelehen honetan, maiatzaren 8an. Aurreko aldian bezala, lan-hitzarmena eguneratzea dute helburu oraingoan ere. Izatez, BPXport enpresak ez du aldarrikapen-taula osoa betetzeko borondaterik adierazi oraindik: "Bi puntutan adostasuna lortu genuen, garbitzaileei eta asteburuetako sarrerako langileei dagokienez", azaldu diote grebalariek GEDAR LANGILE KAZETAri.

Gainontzean, pauso batzuk eman direla uste dute, "baina ez dira aski izan". Tolosako Udalak azpikontrataturiko enpresak klaseen prestakuntza orduen ordainsariak, kategorien arteko ezberdintasunen murrizketa edota Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerak bermatu gabe jarraitzen du. Gainera, "negoziazioak denboran ez luzatzeko" exijentzia ere helarazi zuten langileek, baina BPX-k ez du jaramonik egiten.

Akordio baten faltan eta "enpresaren luzatze-estrategia" ikusita, beste greba deialdi bat egitea erabaki dute langileek; oraingoan, mugagabea. Astero ekintza pare bat egitea aurreikusten dute, elkarretaratzeak, manifestazioak zein kirol-jarduerak tartekatuta.

Martxoaren 16tik 26ra bitartean egin zituzten lehen lanuzteak eta mobilizazioak, ondoko aldarrikapenekin: lan egindako ordu oro lan-ordu gisa kontuan hartzea (klaseen prestakuntza, esaterako), kategorien arteko ezberdintasuna murriztea eta soldata igoeran KPIaren erreferentzia ezartzea. BPX-k, ordea, ez du ez kategoriez ez lan-orduez hitz egin nahi. Soldata-igoerei dagokienez, %4,5eko igoera bakarrik proposatzen du 2022-2023 aldirako, ez prezioen igoeren araberakorik.

Greba eskubidearen aurkako erasoa

Tolosako zenbait kirol klubetako zuzendariek Usabalgo langileen aurkako ohar bat plazaratu dute berriki. Bertan, "ehunka kirolariri egunerokoa aztoratzea eta kirol prestakuntza eta helburuak etetea" leporatu diete grebalariei, bai eta "kirol taldeetako langileen lanpostuak arriskuan jartzea" ere.

Amaieran, mehatxu argi bat jaurti diote langile bakoitzari: "Gure esku dagoena egingo dugu Tolosaldeko herritarrek jakin dezaten zer lortuko duzun eta horrek zer kostu izango dituen guretzat". Adierazpen horiek ikusita, beharginek argi eta garbi erantzun dute: "Guk ez dugu ezer kluben aurka eta gure asmoa ez da haiek erasotzea, gure eskubideen alde egiten dugu greba".

NO HAY COMENTARIOS