Astelehenean jakinarazi zuten hainbat faxista atxilotu zituztela Soriako hiriburuan, antza, joan den maiatzean Ion Aranburu donostiarrari emandako jipoiari lotuta. Guztira, 20 pertsona atxilotu zituzten, baina aske utzi ditu jada epaileak. Gainera, karguekin askatu badituzte ere, kargu horiek ez dute loturarik jipoiarekin: egun horretan desordena publikoak eragitea leporatu diete.
Maiatzaren 27an izan zen erasoa, Soriako Pajaritos estadiotik gertu. Numantziaren eta Cornellaren arteko futbol-partida hasi aurretik, taberna batean zeuden pertsonei eraso zieten Numantziako hainbat zaletu faxistak. Inguruan zegoen Aranburu, eta hari ere eraso zioten: modu jarraituan eman zizkioten kolpeak buruan. Ospitalera eraman zutenean koman sartzea erabaki zuten medikuek, burezurrean zeukan haustura zela-eta. Hainbat egunez izan zen koman.