ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Raneen Sawafta/Reuters
2025/02/25 09:21

Israelgo Estatuak tankeak hedatu ditu Zisjordanian, 20 urtean lehen aldiz, Jenin, Tulkarem, Nur Shams eta Far'ako errefuxiatu-esparruetan egindako erasoaldi baten erdian. Palestinako Kanpo Arazoetako Ministerioaren arabera, operazioak 40.000 pertsona baino gehiagoren desplazamendu behartua eragin du, eta gatazka kolonialaren gorakada larria dakar. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez, armadak "gutxienez urtebetez jarraituko du eskualdean", eta horrek kritika gogorrak sortu ditu Palestinako Agintaritzaren, Hamasen eta nazioarteko eragileen partetik.

Hamasek, bestalde, bertan behera utzi ditu su-etenaren inguruko negoziazioak, Israelgo Estatuak larunbatean kartzelatik atera behar zituen 620 preso palestinarrak askatu arte, Mahmoud Mardawi taldeko buruak argitu duenez. Sionistek askapena atzeratzeko hartutako erabakiak haserrea sortu du Gazan eta Zisjordanian euren senideen eta lagunen zain zeuden ehunka palestinarren artean. "Su-etenerako akordioaren urraketa nabarmena da", salatu du Hamaseko bozeramaile batek.

Erakunde palestinarrak Jeningo eta Zisjordania iparraldeko beste eremu batzuetako operazio militarra ere gaitzetsi du, sionistei sarraski-gerra bat egitea leporatuz eta palestinarrek derrigorrezko desplazamenduen aurka "erantzun bateratua" emateko deia eginez. Horri erantzunez, Israelgo Armadak "terrorismoaren aurkako beharrezko operazioen" barruan justifikatu du bere hedapen militarra, eta eskualdean "segurtasun-mehatxuak" dauden bitartean, erasoaldiarekin jarraituko duela ziurtatu du.

Palestinako Atzerri Ministerioak "nazioarteko komunitateari" dei egin dio "berehala" esku hartzera eta "Israelen kontrolik gabeko erasoa" gelditzera. Bien bitartean, Gazako egoerak blokeaturik jarraitzen du, su-etenari buruzko elkarrizketak etenda eta Zisjordanian sionisten indarkeria areagotuta, gatazka are gehiago larriagotzeko arriskua baitago.

NO HAY COMENTARIOS