ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/30 10:11

Gazako Zerrendan martxan daukan oldarraldi militar izugarria 2025era arte luzatuko du Israelgo Estatu terroristak. Benjamin Netanyahu Lehen ministro sionistaren Segurtasun Nazionaleko aholkulariak, Tzachi Hanegbik, atzo egin zituen zenbait adierazpen: esan zuen beste zazpi hilabetez luzatuko dutela erasoaldia, gutxienez.

"Beste zazpi hilabeteko borroka dugu 'Hamasen gobernuaren eta militarren gaitasunak suntsitzea' bezala definitzen duguna lortzeko", ohartarazi zuen Hanegbik, Kan irrati sionistari telefonoz eskainitako elkarrizketa batean.

Rafahn erasoak areagotu eta gogortu dituzten honetan, Gazako Zerrendaren eta Egiptoren arteko mugari begira daude sionistak (Zerrendaren hegoaldean dago Rafah, aipatutako mugatik hurbil). Izan ere, agintaritzak ulertzera ematen ari dira Gaza eta Egipto lotzen dituen muga hartu nahi dutela: muga hori "ixteko beharraz" hitz egin du, esaterako, Hanegbik.

Indar sionistek Filadelfiako korridore deitzen diote Gaza eta Egipto mugarritzen dituen lur-zerrendari, eta hura hartzeko urrats militarrak egiten ari dira azkenaldian. Segurtasun Nazionaleko aholkulari sionistaren esanetan, korridore horren %75 kontrolatzen dute une honetan: "Uste dut, denborarekin, osorik kontrolatuko dutela [indar sionistek]".

Gainera, badirudi, aurrerago ere, Israelgo okupazio-indarrek ez dutela zonaldea inola ere utziko, "armen kontrabandoa" ekiditea aitzakiatzat hartuta.

Oldarraldia Rafahn

Indar sionistek maiatzaren 6an ekin zioten Rafahren lurreko erasoari. Ordutik, bonbardaketa sistematikoak larriagotu dituzte eta, besteak beste, milaka eta milaka palestinar bizi diren errefuxiatu-eremuei eraso diete (Rafan lurreko erasoa hasi aurretik, bertan milioi bat desplazatu inguru zeudela uste zen). Azken egunetan, ia 80 errefuxiatu palestinar erail dituzte kanpaleku horietan, eta ehunka dira zaurituak.

Urriaren 7tik hona, sionistek 36.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazako Zerrendan. 81.000 pertsona baino gehiago zauritu dituzte, eta 10.000 inguru daude desagertuta.

NO HAY COMENTARIOS