Espainiako Auzitegi Nazionalak Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea eta enpresako bi zuzendari inputatu ditu. Kontrabandoa eta gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkie, Israel Military Industries (IMI) konpainia israeldarrari egindako altzairu salmentei lotuta. Egoitza nagusia Basaurin (Bizkaia) dauka Sidenorrek.
Palestinako Okupazioaren aurkako Sare Solidarioak (RESCOP) Israelekin Armen Merkataritza Amaitzeko Kanpainaren barruan jakinarazi duenez, Francisco de Jorge epaileak ostegunean atera zuen sumarioa sekretupetik, baina herri-akusazioak oraindik ez du autoa eskuratu. Kataluniako Komunitate Palestinarrak uztailean aurkeztutako kereila baten ondoren hasi zen Sidenorri buruzko ikerketa, Bartzelonako epaitegi batek uko egin baitzion Israelgo Estatura zihoan itsaso bidezko bidalketa bat gelditzeari.
Auzitegiak azaroaren 12an deklaratzera deitu ditu hiru ikertuak, salatzaileekin batera. Ebazpenean, magistratuak esaten du "Espainiako Gobernuaren baimenik gabe eta defentsarako eta erabilera bikoitzeko materialaren esportazioen erregistroan agertu gabe" egin zituela altzairu salmentak Sidenorrek, "indarrean dagoen araudia urratuz", RESCOPek ostiralean igorritako prentsa-oharraren arabera. Arrels Advocatseko David Aranda abokatuaren esanetan, inputazioa "oso mugarri garrantzitsua" da eta "mezu argia" zabaltzen du, "genozidio batetik aberasten direnen inpunitateari amaiera emateko".
RESCOPek dio kasuak aurrekari bat ezar dezakeela genozidioaren konplize diren enpresen aurka. "Inpunitatea ez da aukera bat", adierazi du Alys Samson bozeramaileak; eta Natalia Abu-Sharar Kataluniako Komunitate Palestinarreko presidenteak, berriz, "esportazio-kontrolak eta dagozkien zigorrak atzerapenik gabe aplikatzea" exijitu zuen. Euskal Herriko BDZko Patricia Lezamak gogorarazi duenez, "beste operazio batzuek aktibo jarraitzen dute, hala nola CAF euskal enpresak lurralde okupatuan duena".
Kanpainak eta salaketa jarri duten kolektiboek eskatzen dute armak osorik eta benetan enbargatzeko Israelgo Estatu genozidari, baita Sidenorri buruzko ikerketa administratibo eta zigortzaile bat abiaraztea ere. Bestalde, exijitu dute portuetako agintaritzek argitu dezatela non dauden Sidenorren jabetzako 122 tona eta 40 altzairu sorta, joan den uztailean Bartzelonako portuan baitzeuden eta ez baitzuten zehaztu nora bidaliko zituzten. Sidenorrek orduan iragarri zuen altzairua Israelgo Estatura esportatzeari utziko ziola, baina hainbat elkarteren arabera, ez dago garbi nora bideratu zituzten enpresaren hainbat material.