ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twitterretik hartutakoa
2024/05/30 12:21

Sistematikoak dira militar sionistek palestinarren kontra egiten dituzten sarekadak; baita bahitutako preso palestinarrei egindako torturak eta tratu txarrak ere. Azken hilabeteak, noski, ez dira inola ere salbuespena izan, kontrakoa baizik: milaka palestinar atxilotu dituzte Israelgo Estatuko okupazio-indarrek, eta soldaduek inpunitate osoz plazaratzen dituzte atxiloketen eta torturen irudiak, sare sozialen bidez nagusiki.

Azken egunetan, Neguev desertuko Sde Teiman atxiloketa-eremuan palestinarrei egiten dizkieten torturen irudiak atera dira argitara. Bi zatitan banatuta omen dago presondegia: bahitutako palestinarrak kaioletan gatibu dituzten eremua, eta kanpaina ospitalea, zauritutako presoak dituena. Izan ere, zaurituta daude asko: batzuk Gazako ospitaleetan bahitu eta atxilotu dituzte militar sionistek, artatuak izaten ari zirenean.

Aurreneko eremuko irudi batzuk argitaratu dituzte berriki. Grisez jantzita eta begiak estalita ikus daitezke palestinar bahituak, zinta laranja batzuekin. Eskuburdinekin lotuta dituzte eskuak, eta, zenbait testigantzaren arabera, biluzik dituzte batzuk, pixoihalak soilik jantzita. Ordu luzez behartzen dituzte zutik edo belauniko egotera, eta elikatu gabe dituzte.

Atxiloketa-eremu horren parte izan diren kartzelazain baten eta mediku baten lekukotzak jaso ditu The Guardian-ek, eta sionisten "jokabide beldurgarrien" berri eman dute. Etengabeko jipoiak ematen dizkiete preso palestinarrei, eta kanpaina ospitalearen eremuan, zaurituak oheetara lotzen dituzte sarri. Presoetako bati gorputzeko atal bat moztu behar izan ziotela azaldu dute, eskuburdinek eragindako zauriak zirela-eta. "Orokorrean", gainera, ez diete mina baretzeko inolako analgesikorik ematen.

Sionisten inpunitate osoa

Israel-Giza Eskubideen Aldeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak aitortu duenez, urriaren 7tik hona, milaka palestinar atxilotu dituzte "legez kanpoko borrokalaritzat" jota. "Gerrako preso" izendatu ez dituztenez, agintaritza sionistek are inpunitate handiagoa dute orotariko urraketak egiteko.

The Guardian-ek aipatzen dituen bi iturriek diote "Hamaseko" kide izatea aitzakiatzat hartuta atxilotzen dituztela sionistek milaka eta milaka palestinar, baina ez dutela horren inolako frogarik: "Ez zegoen haien aurkako akusazio formalik, iragazte-eremu bat zen, behin-behineko atxilotuekin".

Atxiloaldian erailak: gutxienez 33

Azken hilabeteetan ere ugariak izan dira, sionistek atxilotuta, bizia galdu duten palestinarrak: urriaren 7tik hona, bahitutako gutxienez 33 palestinar erail dituzte militarrek euren atxiloaldian. Haaretz atariak oraintsu eman du bi erailketa gehiagoren berri: okupazio-indarrek atxilotu eta gero, espetxe batera bidean erail dituzte bi palestinar soldadu sionistek, kolpeka. Itxura denez, Sde Teiman eremura eraman nahi zituzten bi gazatarrak.

NO HAY COMENTARIOS