ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / N/D
2025/11/05 09:54

Inpunitatea erakutsi nahiak bultzatutako ekimen batean, Sde Teimaneko atxilotze-zentroan preso palestinar bat bortxatu eta torturatu zuten soldadu israeldarrek prentsaurreko bat egin zuten igandean, Haaretz egunkari sionista liberalak argitaratu duenez. Harrokeriaz aldarrikatu zuten aske daudela, eta "Irabaziko dugu!" oihukatu zuten. Mendebaldeko Jerusalemen egin zuten agerraldia, Auzitegi Gorenaren aurrean eta buru-estalkien babesean. Euren ekintzak defendatzeaz gain, militar sionistek esan zuten "aberria babesteko beharrezkoak" direla halakoak, eta harago ere joan ziren: "esker on" publikoa eskatu zuten "herrialdeari egindako zerbitzu" gisa deskribatzen dutenagatik. Agintari batek berak ere ez zuen haien adierazpena geldiarazi.

Ikertuak izan beharrean, inplikatutako torturatzaileek, momentuz baldintzapeko askatasunean egon arren, zirku publiko bihurtu dute euren kasua. "Justizia" eskatu dute beren buruarentzat, izan ere, "bidegabekeria handitzat" jotzen dute bortxaketagatik ikertuak izatea. Fiskaltza militarraren gaineko presio politikoa agerian utzi du goi-agintari sionisten esku-hartzeak, eta bistakoa ematen du prozesu judizialak ez dituela soldaduak zigortuko. Horren erakusle da, esaterako, Itamar Ben-Gvir ministroak torturatzaileak publikoki defendatu izana eta euren atxiloketa laburra "lotsagarritzat" jo izana. "Gure heroirik onenak" direla gaineratu zuen.

Soldaduek euren burua "aitortu gabeko heroi" gisa ikusten duten bitartean, Yifat Tomer-Yerushalmi fiskal militarra (torturen bideoa filtratzea baimendu zuen pertsona) atxilotu dute agintaritza sionistek, Matan Solomosh koronelarekin batera. Biak kendu dituzte euren karguetatik. Atzotik behin-behineko espetxealdian daude biak, Tel Aviveko auzitegi batek asteazken honetara arte luzatu baitu atxiloketa.

Sde Teimaneko azken eskandalu hau ez da salbuespen bat, baizik eta eguneroko ogia Israelgo Estatuak atxilotu palestinarrak maneiatzean. Haaretz-ek jasotako txosten independente batzuek abusu sistematikoak dokumentatu dituzte sionisten instalazio horretan, "tortura-zentro" gisa deskribatu baitute, non mota guztietako ankerkeriak zigorgabetasun osoz egiten dituzten militarrek, gobernu sionistaren babesean eta nazioartearen konplizitatearekin.

NO HAY COMENTARIOS