Pertsona etorkinei Poliziak jarritako "tranpa-hitzorduak" salatu dituzte Iruñean

Negu Gorriak-Derecho a techo kanpainan parte hartzen ari diren hainbat kidek agerraldi bat egin zuten atzo Iruñean (Nafarroa), kide bat deportatua izateko arriskuan dagoela salatzeko, eta polizia-indarrek pertsona etorkinei egiten dizkieten iruzurrak azaltzeko. Anasse Fajerddin da arriskuan dagoen kidea; Iruñean lau urtez bizi izan den ikaslea eta arrazakeriaren aurkako mugimenduko militantea. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, kanporatze-agindu administratibo baten ondorioz, astero komisariara bertaratzera derrigortu dute Fajerddin orain arte, Iruñean zegoela egiaztatzeko. Aste honetan, baina, atxilotu eta epaitu egin dute, eta atzo bere hurbilekoek ere ez zuten argi zein egoeratan zegoen: beldur ziren ez ote zuten Madrilgo atxilotze-zentro batera eraman, epaileak baztertu egin baitzuen deportazio-prozesua eteteko defentsaren eskaera.

Agerraldian hitz egin zuten bozeramaileen arabera, polizia-etxera bertaratzeko eskaerek honakoa bilatzen dute: "Estatuak ezarritako deportazio-kupoak betetzeko helburuei erantzutea, bereziki, programatutako kanporatze-hegaldien aldez aurretiko datetan". Izan ere, azaldu zuten etorkinen erregularizazio-prozesua hasteko momentua hurbildu ahala, Fajerddinek jasandakoa bezalako praktikak areagotzen direla. Deportazio-hegaldiak ere izaten dituzte antolaturik agintaritzek, eta data horiek gerturatzen direnean, nabarmen igotzen dira Espainiako Poliziak etorkinen aurka egindako "atxiloketa arbitrarioak" eta polizien "tranpa-hitzorduak", Negu Gorriak-ek salatu duenez.

Pertsona immigranteei deitzen diete Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak, eta tramite administratiboak egitea aitzakiatzat hartuta, Iruñeko Txintxilla Jenerala kaleko komisariara joateko esaten diete. Behin hara hurbiltzean, baina, pertsona horiek atxilotu eta haien aurkako kanporatze-prozesuak jarri izan dituzte martxan, ezarrita dauden "deportazio-kupoak" bete ahal izateko. Negu Gorriak kanpainatik nabarmentzen dute kupo horiek betetzeak ez duela bilatzen "delituei" aurre egitea, "jada zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak modu arbitrarioan eta alegalean zigortzea" baizik. "Iruñean ez da ICErik behar, Atzerritartasun Legea baitago dagoeneko", gaineratzen dute.