Gaur, hilak 22, Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri grebaren zein ondorioen inguruan bere ikuspuntua aurkeztu du ohar bidez. Greba amaitutzat emateko erabakia hartu bezain laster, jakinarazteko eta plazaratzeko eskatu zien senideei, borrokaldia eteteko arrazoiak aurki azalduko zituela gaineratuz.
Murtzia II espetxeko jazarpen kasuak ekarri ditu gogora Ruizek, eta adierazi du hori izan zela borrokaldiari heltzeko hautua hartzera bultzatu zuena. Oraingoan, "espetxean hasitako borrokak Euskal Herrian izan duen eraginaren tamainaz" jabetuta eta horiek "harrituta" utzi dutela aitortuta, balorazioa atera du argitara.
Beharrizana
Lehenik, borrokari ekitea, berau galdu ala irabazi, "beharrezkoa" eta "hil ala bizikoa" zela azpimarratu du preso txantrearrak. Ekintza horren bidez, "preso guztien bizi-baldintzen salaketa" egiteko asmoa zuela dio, batez ere, COVID-19ak preso politikoen kasuan duen "eragin erantsiarekin".
Espetxeratuak jasaten ari diren egoera "salbuespenezkoa eta benetako sarraski politika" dela gaitzetsi du. Gainera, kartzelan gertatutako zerbait "oharkabean" igaro dela ere azpimarratu du: kartzela barruan pertsona talde batek egunero protestak egitea erabaki izana, "COVID-19aren aurrean errepresio kudeaketatik eratorritako eskubide politiko eta sozialen urraketa salatzeko".
"Merezi izan du"
Une horretatik aurrera jazo zen guztiak "muturreko protesta hau garatzeko hautuak merezi izan duela sentiaraztea lortu du" Ruizen esanetan, eta egindako aldaketa "positiboki" baloratzen du, bere bizitza "lehen zegoen arrisku berean ez dagoela sentitzea" ahalbidetu baitio; hori guztia, "hormaren bi aldeetan egindako borrokari esker", berretsi du.
Presoa ziur dago egindako guztia "ordainarazi" egingo diotela egunen batean, "izan ere, oraingo honetan, lezioa guk eman dugu". Hala, Ruizen arabera, epe laburrean behintzat, protesta eta mobilizazioen ondorioz sortutako egoera berrian "zailagoa izango zaie beren heriotza-mehatxu koldarrak gauzatzea".
Pultsuari eutsiz
Borrokarekin "behar beste denboran jarraitzeko uste sendoa" dio, aurreko adierazpen publikoan azaldu zuen modura, "preso politiko guztien aberriratzean" ikusten baitu bizirauteko berme gehien. Borrokan zehar izandako bizipenek "presondegiarekin izandako pultsuari buruz sentitu eta pentsarazi" egin diote, ez gainerakoengandik banandutako erakunde baten aurkako borroka izango bailitzan, "kartzela-sistemaren oinarri den bidegabekeria eta errepresio sare horren guztiaren aurkako borroka" modura baizik.
Suntsiketa
Borrokaren inpaktuaz "kanpokaldearekin izandako harremanari esker" jabetu zela azaldu du, ez baitzuen halakorik aurreikusi. Preso guztien sufrimendua ekarri du gogora, baina egoera hori "modu ezberdinean" pairatzen dutela dio, eta berak baino "bizi-baldintza okerragoak dituzten dozenaka kide" egon badaudela dio. "Sentiberatasun eta enpatia handia" sentitzen du gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoekin, adinekoekin, zein urte askotako espetxealdia daramatenekin.
Horregatik, bera "pribilegiatua" dela dio, horiei ez baitzaie "mendeku hutsagatik" sufriarazten, "etsaien estrategia politikoagatik" baizik. Estrategia horren muina "suntsiketa pertsonala eta militantea" dela uste du Ruizek, "beren interes politikoei erantzuten dien helburu gisa, egungo zapalkuntza- eta menderatze-sistemari eusteko".
Elkartasuna eta kezka
Euskal Herriko kaleetan jazotzen ari zenaren inguruan grebaldiaren 20. egunean konturatu zen presoa, adierazi duenez. Beranduago, beste herrialde batzuetan izandako oihartzunaren berri izango zuen. Halaber, "kaleetan lortzen ari zen mobilizazio eta aktibazio militanteari" egin dio azpimarra, beste zenbait espetxetan ere egindako borrokak ahantzi gabe.
Ondoren, "Euskal Herriko bizitza politikoan sortzen hasi ziren ondorioez" ohartu zela dio. "Elkartasunaren eta kezkaren ikuspuntutik" ulertu du hori guztia; "jasotako tratu txarren eta heriotza-mehatxuen ondoren jasaten ari nintzen egoera zailarekiko, baina baita egiten ari nintzen errebeldia eta borroka keinuarekiko ere". Are gehiago, preso politikoek jasaten duten egoeraren gaia beste behin mahaigaineratzeko balio izan duela dio, "merezi duen ikusgarritasuna eta premia emanez".
Hazitegia
Azken urteotan "hazitegi moduko bat" sortu dela irizten dio; alde batetik, "sektore ofizialistak gai honetan egindako kudeaketak ez duelako eraginkortasunik izan edo fruiturik eman", eta bestetik, "gai honen inguruko aldarrikapen historikoak inoiz alde batera utzi ez dituzten erakundeek egindako lanari esker".
Hori jakinda, "mobilizazio eta aktibazio politikoaren maila berreskuratzeko lanean ari diren erakundeak" nahiz horien lana txalotu ditu Ruizek, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaz (AAEAM) ez ezik, "amnistiaren aldarrikapena alde batera utzi gabe modu autonomoan antolatzen diren taldeez" ere mintzatzeko beharra ikusten baitu oraingoan. Presoaren hitzetan, "hazitegia onduz joan da eta gero eta jende gehiago bildu da", eta aipamen berezia egin die "euskal gazteria errebeldea" osatzen duten belaunaldi berriei.
Mobilizazioaren indarra
Gaur egungo egoeran, Ruizek garrantzia handiagoa ematen dio "kalera etengabe irteteari", "elite txiki batek" erabakitako moduari baino: "urtean behin, urtarrilean, eta ia inoiz gauzatzen ez diren kanpainen iragarkiekin". Kalea salaketarako eta helburu politiko eta sozialak lortzeko "beste tresna politiko bat" izan dela ekarri du gogora, eta bere belaunaldikoek bertan lortu dituztela "gozatu dituzten" eskubideak, "gurasoek eta aitona-amonek isuritako izerdi eta odolari esker".
Horregatik, kalera berriro irteteko beharrizana atera du mahaira, "guztion artean, zapaltzen gaituen uztarria gainetik kentzen lagunduko digun mugimendu politikoa diseinatu ahal izateko".
Kritika
Bestalde, EPPKren izenean idazten dutenen adierazpenak kritikatu ditu txantrearrak; izan ere, horien ustez bera "preso politiko guztiei aplikatzen zaien salbuespen politikaren beste biktima bat" litzateke, COVID-19aren etorrerak "are larriago" bihurtuko lukeena. "Biktima ez, jaun-andreok. Ni, preso dauden beste militante politiko asko bezala, salbuespenezko politika horren beraren erantzuna naiz", argitu du Ruizek.
Esker ona
Presoa esker oneko agertu da espetxetik elkartasuna adierazi dioten kide guztiekin: AAEAMrekin, amnistiaren aldarriari eutsi dioten taldeekin, Salhaketarekin, Pronoiarekin eta Murtziako eskualdean babesa helarazi dioten beste batzuekin. Gainera, aipamen berezia egin die bere abokatuak egindako "lan juridiko neurtezinari", familiari eta lagunei, Galizako eta Kataluniako lurraldeetako elkartasunari eta mobilizazioei, bai eta urrutiagotik heldu diren beste hainbat keinuri ere.
Azalpenak
Gose greba uzteko erabakia hartzera bultzatu zuten arrazoiak azaldu ditu, azkenik. Batetik, borrokan jarraituz gero, bere osasun egoerari zegokionez, larriagotze edo zorigaiztoko amaiera batek "inoiz nahi izan ez" zuen egoera bat sor zezakeela" ondorioztatu zuen Ruizek. Helburuak ez lortzeagatik "zapore mingotsarekin" badago ere, eta "erabakirik egokiena izan den jakin ez arren", balio handiagoa eman dio kaleko erantzun antolatuari, "zorigaiztoko amaiera baten ondorioei baino". Sortutako mugimendua "hazteko" unea dela uste du, eta ez "inplosionatzekoa".