Musikariak Palestinarekin mugimenduak atzo egin zuen agerraldi bat Iruñean (Nafarroa), ondu duen manifestua eta horretara batu diren musika-taldeen eta artisten zerrenda aurkezteko. Euskal Herriko 162 bat taldek eta pertsonak erabaki dute, hain zuzen ere, euren musika Spotify plataformatik kentzea, Palestinarekin elkartasunez.
Spotifyren jabe nagusiak, Daniel Ek-k, 700 milioi euroko inbertsioa egin du drone militarrak garatzen dituen Helsing Defense armagintza-enpresan, joan den ekainean argitara atera zenez. Hori izan da plataformaren aurka egiteko "falta zen tanta", manifestuan azaltzen duten modura; nahiz eta ohartarazten duten "multinazionalen esku dagoen plataforma batek, dena delakoa izanda ere, nekez dituela eskuak garbi".
"Bi urte pasatxo dira Israelgo estatu sionistak bortizki intentsifikatu zuela palestinar herrian aspaldi gauzatzen ari den okupazioa. Fondoko zarata bihurtu zaigun hori genozidio bat da, zuzen-zuzenean", salatu dute sinatzaileek. Xehatu dute, dena den, ez direla "moraletik mintzatzeko jaio", eta "jakinik Spotifyrendako ez garela inor", diote euren helburua dela "asmo hori bera bultzatzea kontrako norantzan", hau da, "ez dadila ezer izan Spotify guretzat".
"Gaurtik eta hemendik, boikoterako eta antolakuntzarako deia egiten dugu: sionismoaren kontra eta palestinar erresistentziaren alde", aldarrikatzen dute adierazpenean: "Boikot Spotify, boikot Israel". Musikariak Palestinarekin mugimenduarekin bat egin dute Fermin Muguruzak, Nakarrek, Borlak, Broken Brothers Brass Bandek, Ines Osinagak, Rodeok, Joseba B. Lenoirrek, Joseba Irazokik, Glaukomak, El Corazón de Sapok edo Kokeinek, besteak beste.