Azaroan jakinarazi zuten beste hiru hilabetez luzatuko diotela prebentziozko espetxealdia Pablo Gonzalez kazetariari, eta hilabete honen bukaeran beteko ditu hamar hilabete Polonian preso; joan den otsailean atxilotu zuten Ukrainako mugatik hurbil, kazetari modura lanean ari zela. Inkomunikatuta izan dute ordutik, eta ez diote utzi ez bere gertukoekin ez bere konfiantzazko abokatuarekin kontakturik izaten; bisita bakarra izan du denbora honetan guztian. "Senide arteko komunikazioetatik jaso ahal izan duguna da egoera kaxkarrean mantentzen dutela eta fisikoki nabarmen sufritzen ari dela; hotza, gosea eta beharrizan minimoen faltan dagoela", gaineratu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak.
Nabarnizkoa (Bizkaia) da Gonzalez, eta Busturialdeko Kontseilu Sozialistak, beraz, protestara deitu zuen martxoan bertan, kazetaria aska zezatela eskatzeko. Orain, berriz dei egin du mobilizatzera: manifestazio bat antolatu dute Gernikan (Bizkaia) abenduaren 23rako, Gonzalezen askatasunaren eta informatzeko eskubidearen alde, eta NATOren kontra. 19:30ean hasiko da mobilizazioa Merkurio plazatik.
Informatzeko eskubidea gerra garaian
"Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik, Mendebaldeko bloke inperialista bere interesekoa den pentsamendu bakarra inposatzen saiatu da mundu osoan, Europar Batasunean NATOren indartzearen bitartez gauzatu dena batez ere", azaldu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek. "Bloke geopolitiko horrek merkatu mundialean duen bere posizioa mantentzea du helburu. Horretarako, manipulazio mediatikoa eta informazioaren erabilera interesatua eguneroko ogia izan dira gerra hasi zenetik", gogorarazi du: "Europar Batasunean, gizartearen informatzeko eskubidea behin eta berriz urratzen da eta zentsura zein jazarpena normalizatzen saiatu dira".
Horrekin guztiarekin lotu dute Gonzalezen kartzelaratzea; hau da, "adierazpen askatasunaren, informatzeko eskubidearen eta kritikotasunaren aurkako eraso modura". "Era berean, horrelako kasuek beldurra zabaldu eta antzeko jarrerentzako jazarpen-eredu izan nahi dute", seinalatu dute.
Armatzea eta totalitarismoa
NATOk, "Mendebaldeko oligarkien buruzagitza militar gisa, heriotza eta basakeria banatzen" dituela salatu du Kontseilu Sozialistak, eta "inpunitate osoz" egiten duela hori, "batez ere, periferiako herrialdeetan". "Burgesiaren fakzioen arteko munduaren banaketa dago jokoan gerra horretan, eta galtzailea proletariotza da", ohartarazi du. Hala, Espainiako Estatuan onartu berri diren aurrekontu orokorrak ekarri ditu gogora, plangintza ekonomikoa "gerrazalea eta militarista" dela seinalatuz: "Defentsarako gastua %25 igo dute, eta, ezkerreko alderdiek, aurrekontu horiek onartzeaz gain, Ukrainako Estatua ere babesten dute, faxismoarekin duen lotura zurituz, eta beraz, faxismoaren gorakadari bidea irekiz".
Kontseilu Sozialistak adierazi du, bestalde, "agerian geratu" dela "Europar Batasunaren izaera demokratikoaren fartsa": "Gerra, terrorismoa edo pandemia aitzakiatzat harturik joera totalitarioak inpunitate osoz hartu dituzte estatu agintariek eta eliteek". Krisi garaian, zehazki, "neurri diktatorialak" ezarri dituztela salatu du; hala nola, "jazarpen polizialaren normalizazioa, militantzia politikoaren debekuak, kontrol sozialaren handitze neurriak, teknologia militarrerako inbertsioak", eta abar.
"Ez dago proletalgoaren eskubide politikoak baimentzen dituen estatu burgesik, ezta Kapitalaren interesak kolokan jar ditzakeen informazioa hedatzea onartzen duenik ere", ondorioztatu dute Kontseilu Sozialistako kideek: "Gerra inperialisten aurkako fronte erreal bakarra internazionalki antolatutako proletalgoa izango da".