AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/12 08:39

Hamabi egun igaro dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutenetik, eta espetxean jarraitzen du, espioitza delitu bat leporatuta. Oraindik ez diote utzi bere gertukoekin edo abokatuarekin hitz egiten, eta antza, hamar urterainokoa izan daiteke ezar diezaioketen kartzela-zigorra.

Nabarniztarra da Gonzalez, eta beraz, bere askatzearen eta informatzeko eskubidearen alde mobilizatzera deitu zuen Busturialdeko Kontseilu Sozialistak. Atzo, martxoaren 11n, elkarretaratze bat egin zuten Gernikako (Bizkaia) Merkurio iturriaren aurrean; 100 lagunetik gora atera ziren kalera kazetariaren askatasuna exijitzera eta Europar Batasunaren zentsura salatzera.

Totalitarismoa

Kontseilu Sozialistako kideek "burgesia bultzatzen ari den totalitarismoaren gorakadarekin" lotu dute Gonzalezen espetxeratzea, eta azaldu dute "erroko krisi ekonomikoak eragin duen desoreka politiko bati erantzuten" diola gorakada horrek. "Salbuespen egoera iraunkorrak oinarrizkoenak diren eskubideak ezabatzea baimendu du. Pandemiak, gerrak edo terrorismoaren gorakadak neurri diktatorialak hartzeko balizko eszenatokia eraiki dute, agerian utziz oligarkiak esku-hartze zuzena duela erabaki ekonomiko zein politikoetan", zehaztu dute.

Gaineratu dute "zentsuraren aldeko ofentsiba" gisara kokatu behar direla "gerraren testuinguruan hartutako azken erabakiak"; esaterako, Europar Batasunean Sputnik eta RT Errusiako hedabideak debekatu izana, berriemaileak kanporatu izana edota "sare sozialetan ere zentsura areagotu" izana. Testuinguru horretan kokatu dute kazetari nabarniztarraren atxiloketa.

Botere eredu berriak

"Ustezko oinarri demokratikoen baitan eraikitako Europar Batasunean ez daude bermatuta informatzeko eta komunikatzeko eskubideak", seinalatu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak: "Oinarri ahulak ditu itxurazko demokraziak. Burgesiaren boterearen oinarria krisian dagoenean, bere boterea ofentsiba ekonomiko, kultural eta politiko baten bidez berrantolatzen du. Ofentsiba hori botere ekonomikoaren eredu berri baten inposaketan oinarritzen da, eta hartzen duen forma hartzen duela, izan gerra inperialistarena, izan bizitako osasun hondamendiaren kudeaketarena, oligarkiaren etekin ekonomikoen aldeko eta proletalgoaren interesen aurkako neurri gisa ulertu behar dugu, adibidez, oinarrizko behar minimoak garestituta gerraren aitzakiapean".

Ezkerreko alderdien jarrera ere salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek; "izan ere, Ukrainako Estatua babestuz eta diskurtso mediatikoaren parte izanez, aipaturiko neurri totalitarioak baimentzen eta elikatzen dihardute".

Eskubide politikoen bermea

"Ez dago proletalgoaren eskubide politikoak baimentzen dituen estatu burgesik. Beraz, proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatu behar dugu Estatu Sozialistara bidean, zeinetan gerra inperialistek tokirik izango ez duten eta proletalgoaren eskubide politikoak ziurtatuta egongo diren", azpimarratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK