AKTUALITATEA / Errepresioa
267 egunen ostean izan du aurreneko bisita espetxean Pablo Gonzalezek
Otsailean atxilotu eta espetxeratu zuten kazetaria Polonian, eta inkomunikatuta izan dute ordutik; orain arte ez diote utzi gertukoekin kontakturik izaten.
2022eko azaroaren 23
267 egunen ostean izan du aurreneko bisita espetxean Pablo Gonzalezek

Laster, azaroaren 28an, beteko dira bederatzi hilabete Pablo Gonzalez atxilotu eta kartzelaratu zutenetik; Polonian atzeman zuten, Ukrainako mugatik hurbil, kazetaritza-lanetan ari zela. Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatzen diote, eta hamar urterainoko espetxe-zigor bat jar diezaiokete.

Oraingoz behin-behineko atxiloaldian daukate, eta inkomunikatuta izan dute; ez diote utzi ez bere hurbilekoekin ez bere konfiantzazko abokatuarekin harremanetan egoten, ez eta haien bisitarik izaten. Atzo izan zuen senide baten bisita Radomeko kartzelan, aurrenekoz.

267 egun daramatza gatibu kazetari nabarniztarrak, eta orain arte ez diote utzi bisitarik izaten. Bikotekidearekin bi orduz egoteko aukera izan du azkenean, baina Poloniako inteligentzia-zerbitzuetako agente baten etengabeko zaintzapean.

Rzeszoweko Dei Auzitegiak birritan erabaki du prebentziozko espetxealdia luzatzea Gonzalezi, eta atzera bota ditu defentsak jarritako helegiteak, azkena, joan den irailean.