ACTUALIDAD / Represión
Pablo Gonzalez atxilotzeko nazioarteko agindu bat eskatu du Poloniako fiskaltzak
2024ko abuztuan askatu zuten NATOren eta Errusiaren arteko preso truke batean, baina bera da ordutik auzipetuta jarraitzen duen bakarra. Poloniak 900 egunez izan zuen "behin-behinean" preso.
2026eko otsailaren 27 - 06:21
Pablo Gonzalez atxilotzeko nazioarteko agindu bat eskatu du Poloniako fiskaltzak

Pablo Gonzalezek jopuntuan jarraitzen du Polonian: aurrera doa bere aurkako prozesu judiziala, eta kazetari bizkaitarraren kontrako nazioarteko atxilotze-agindu bat eskatu zuen fiskaltzak joan den ostegunean. Varsoviako Barrutiko Auzitegitik argudiatu dute Gonzalez ez dela bere aurkako epaiketara bertaratu eta ez diela erantzun e-mail bidez igorritako zitazioei, eta horregatik jotzen duela beharrezkotzat bera atxilotzea.

Gonzalez Errusian bizi da gaur egun. Errusiaren aldeko espioitza-lanetan aritzea leporatuta atxilotu zuten Polonian 2022ko otsailean, kazetari gisa Ukrainan lehertu zen gerraren berri ematen ari zela, eta 900 egunez eduki zuten preso Poloniako agintaritzek, muturreko baldintzetan. Errusiaren eta NATOren arteko preso truke batean askatu zuten 2024ko udan.

Gonzalezek iaz salatu zuen bera dela preso truke horren ostean auzipetuta jarraitzen duen bakarra. 2016ko apiriletik espioitza-lanetan jardutea egozten diote Polonian, eta hamabost urterainokoa izan daiteke horrengatik ezarritako espetxe-zigorra.