Espainiako Gobernuak neurri berri bat sartuko du indarrean ostiral honetan, abenduaren 24an: aire zabalean ere derrigorrezkoa izango da berriz musukoa erabiltzea, zenbait salbuespenekin —hondartzan, mendian nahiz kirola egitean ez da maskara jantzi beharko, bizikideekin edo bakarrik egonez gero—.
Pedro Sanchez presidenteak gaur eman du aginduaren berri, autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzian. Lege dekretu baten bidez ezarriko dute neurria, eta bihar emango dute ontzat ezohiko ministro kontseilu batean.
Bestalde, Sanchezek azaldu du militarrak bideratuko dituztela txertaketa taldeetara, eta modu horretan "indartu" nahi dituztela talde horiek. Gogorarazi du, gainera, otsailaren 1etik aurrera balio mugatua izango dutela Covid ziurtagiriek: bederatzi hilabetean iraungiko dira.
Neurri gehiago eskatu ditu Urkulluk
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aurretik ere eskatu zuen maskararen erabilera derrigortzea aire zabalean. Autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzian, dena den, beste hainbat neurri murriztaile proposatu ditu gaurkoan.
Ostalaritza lokalei eta komertzioei lotutako neurriak eskatu ditu nagusiki. Batetik, establezimenduetako irekiera eta itxiera orduak mugatzea proposatu du. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, gehienez 21:00etan itxi beharko lituzkete ateak establezimenduek; horretaz gain, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an, ezingo lukete 08:00ak baino lehenago ireki. Salbuespen bat egongo litzateke abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean: jatetxeek, landetxeek, hotelek eta antzeko establezimenduek 23:30ak arte izango lukete afariak emateko aukera.
Tabernetan zutik kontsumitzea ere debekatu nahi du Urkulluk, urtarrilaren 31ra arte gutxienez. Bestalde, hamar pertsonatik gora elkartzeari ezarri nahi dio debekua.
Eguberriez harago ere, neurriak
Proposatutako zenbait neurri urtarrilaren 31ra arte indarrean egotea nahi du Urkulluk, behintzat, 500etik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan. Dena den, harago joatea proposatu du lehendakariak, eta Eguberriak bukatuta ere zenbait neurri ezartzea proposatu du; besteak beste, leku itxietako edukiera are gehiago mugatzea —%60 gehienez— eta establezimendu kultural, sozial nahiz komertzialetako ordutegiak mugatzea —gehienez 01:00ak arte ireki ahal izatea—.