ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Hussam Al-Masri/Reuters
2025/08/27 10:24

Orotariko aitorpen instituzionalen zaratak ez du inola ere gelditzen Israelgo Estatua Gazako Zerrendan egiten ari den sarraskia: gosete izugarriak, bonbardaketek eta bestelako eraso kriminalek bere horretan jarraitzen dute, eta Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 64.000 palestinar erail ditu zuzenean estatu sionistak 2023ko urritik hona.

Khan Yunisko (Gazako hegoaldea) Nasser ospitalearen kontra egindako eraso bikoitza izan da azken masakrea. Hogei pertsona erail dituzte sionistek bertan, tartean bost kazetari, eta "kolpe bikoitza" deituriko metodoa erabili zuten, hau da: lehenik eta behin bonbardaketa bat egitea, eta biktimak artatzeko jendea hurbiltzean, bigarrenez bonbardatzea, are jende gehiagori eraso ahal izateko. Hori guztia justifikatzeko, agintaritza sionistek esan dute "Hamasek jarritako kamera" bat aurkitu zutela ospitale inguruan, baina ez dute inolako frogarik erakutsi.

Gosez hilak: ia 300

Bonbardaketa bidez ez ezik, gazatarrak gosez erailtzen jarraitzen du Israelgo Estatuak. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, aurreko larunbatean gutxienez zortzi lagun hil ziren janari eta ur faltagatik, eta beste zortzi izan ziren aurreko egunean, horietatik bi haurtxoak. 2023ko urritik hona, 289 palestinar inguru hil dira gosez Gazan, eta azken hilabeteetan larriagotu egin da gosetea, sionistek laguntza humanitarioari ezarritako blokeo erraldoia dela-eta.

Nazio Batuen Erakundeak seinalatu du "desnutrizio akutua" pairatzen duela Gazako hiru umetik batek, eta, aurreko ostiralean, ofizialki izendatu zuen gosete-egoera lurraldean: ia 2 milioi gazatarretatik 1,6 milioi goseak daudela esan zuen. "Gosete hori aurreikusteko eta saihesteko modukoa da, krudelkeriak eragindako gosetea, mendekuak justifikatua, axolagabekeriak bultzatua eta konplizitateak sostengatua", zioen Tom Fletcherrek.

NBEk ofizialki gosete-egoera bat izendatzeko, beharrezkoak dira hiru baldintza: gutxienez bost etxetatik batean elikagaiak falta izatea; sei hilabetetik bost urtera arteko haurren gutxienez %30ek desnutrizio akutua jasatea; eta, 10.000 biztanleko, egunean gutxienez bi pertsona heldu edo bost urtetik beherako lau haur hiltzea. Erakundeak ebatzi du, hala, gosete-egoeran (5. fase deiturikoa) daudela Gaza hirian eta inguruan, eta "larrialdi-egoeran" (4. fasea) Khan Yunisen eta Deir el Balahn. Elikagai faltak eragindako osasun-arazo gehigarriez ohartarazi dute, gainera: muturreko ahultasuna, gaixotasunak eta abar.

Erakundeen eta agintarien hitz hutsalak

Aitorpen ofizialak aitorpen, gazatarrak erailtzen segitzen du Israelek. NBEren azken salaketez gain, hitzez estatu sionista seinalatzen jarraitzen dute Mendebaldeko hainbat agintarik: azkena, esaterako, Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek. Gutun baten bidez, berriz eskatu omen dio Benjamin Netanyahuri bertan behera utz dezala Gazako operazioa. Teorian, Palestinako Estatua aitortuko du Frantziak irailean, NBEren Batzar Nagusian.

NO HAY COMENTARIOS