ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/19 10:58

Espainiako Estatuan, funtzionario publikoen aseguru-sistema Mufaceren bidez antolatu du gobernuak urte luzez. Mufacek, baina, hainbat enpresa azpikontratatu izan ditu aseguruez arduratzeko, hala nola Adeslas, Asisa eta DKV. Konpainia horiek, ordea, ez dute onartu aseguru-sistema publikoari buruzko itun proposamen berria: hurrengo bi urteetarako aurrekontua %17,2 igotzea eskaintzen zuen Espainiako Gobernuak.

Enpresek proposamenari uko eginda, 1,49 milioi langile publikoren osasun-arreta dago kolokan Espainiako Estatuan, eta 40.000 beharginena Hego Euskal Herrian. Mufacek bere gain duen zerbitzua zuzenean bete ezean, funtzionarioek bi aukera izango dituzte: aseguru pribatu bat euren kabuz kontratatzea, edo osasun-sare publikora jotzea.

Testuinguru horretan, osasun-aseguruen polizak berritzeko kanpaina hasi da orain, baina nabarmen garestitu dira. Aseguru-enpresen arabera, 2022ko inflazioaren izugarrizko igoerak "errentagarritasuna" kaltetu du, "gastuak" igo baitira.

Pablo Parelesek, Roams aseguru-enpresako zuzendariak, honela azaldu du Cinco Días egunkarian: "Aseguru medikoen inguruko kontsulten zaparrada bat jaso dugu, Mufaceren auziaren harira gehienbat". Polizen prezioen igoeren berri ere eman du: iaztik, oinarrizko aseguruen batez besteko igoera %8koa izan dela dio, eta aseguru "osatuagoetan" %10eko igoerak izan direla, baita handiagoak ere. Aseguru-zerbitzua maiz erabiltzen duten pertsonen kasuan, gainera, %20 garestitu da poliza.

Ia 1.000 euroko kostua du osasun-polizak

Azken hamar urteetan, nabarmen garestitu dira osasun-polizak. Batez beste urtean 650 euroan ordaintzen ziren polizak 2015ean, Espainiako Estatuan. Aurten, berriz, 950 euroko prezioa izango dute, eta datorren urtean 1.100 eurora iristea aurreikusten da. Espainiako Estatuan 12,4 milioi bat pertsonak kontratatzen dituzte polizak.

COVID-19aren ostean, osasun-aseguruen erabilera nabarmen aldatu dela diote hainbat iturrik, eta horrek eragina izan duela garestitzean. Pandemia baino lehen, aseguru pribatuak osasun-sistema publikoaren gabeziak konpentsatzeko erabiltzen zituen askok, larrialdiak kolapsatuta zeudenean azkarrago artatuak izan zitezen; froga bereziak egiteko, edo espezialisten itxarote-zerrenda luzeak ekiditeko, adibidez.

Orain, aseguru-enpresek diotenez, ezbehar kopurua igo egin da, eta polizen erabiltzaileek zerbitzua maiz erabiltzen dute. Ondorioz, polizen errentagarritasunak behera egin du enpresentzat, eta prezioen igoera bultzatzen ari dira.

Aseguru pribatuen negozioa, esku gutxitan 

Lehiakortasunak gora egin omen du osasun-aseguru pribatuen sektorean, baina negozioa gutxi batzuen eskuetan kontzentratuta dago gaur egun. Merkatuaren %60 Adeslas, Sanitas eta Asisa enpresen kontrolpean dago, eta prezioak ezartzeko gaitasun handia ematen die horrek.

Mufacek eskainitako zerbitzuan, esaterako, eragiteko gaitasun hori agerian utzi dute hiru enpresa horiek. Espainiako Gobernuak aurrekontuan proposatutako %17,2ko igoera nahikoa ez dela esan dute aseguru-enpresek, eta ia 50 urtez martxan egon den aseguru-sistema kolokan jarri dute.

NO HAY COMENTARIOS