ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/17 09:16

Espainiako Diputatuen Kongresuak abenduaren 19an onartu zuen Justiziaren zerbitzu publikoaren eraginkortasunari buruzko Legea, bigarrenez, eta proposamen horretan bere lekua lortu zuen okupazioaren aurkako neurri batek. Hain zuzen ere jeltzaleek proposatu zuten Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea, okupazio kasuak prozedura azkarraren bitartez epaitzeko. Epaitegian okupazioa erabili dela ebazten bada, beraz, etxebizitzak edo bestelako espazioak azkarrago desalojatzea ekar dezake neurriak. Ezkerrekotzat jotako hainbat alderdik ere onartu zuten neurri-sorta Kongresuko bozketan, esaterako EH Bilduk, PSOEk, Podemosek eta Sumarrek.

Euskal Herrian, okupazioaren kontrako neurriari ezetz esan diote hamaika kolektibok eta Langile Kontrolpeko Espaziok: abenduaren 18an, adibidez, protesta bat egin zuten Gasteizen (Araba), lege berriaren kontra eta okupazioaren kriminalizazioaren kontra. Zornotzako (Bizkaia) hainbat kolektibok ere berriki salatu dituzte neurria eta bere ondorioak: EAJ, EH Bildu eta PSOE seinalatu dituzte, guztiek onartu baitzuten okupazioaren aurkako legea. Alderdi horien Zornotzako egoitzak zigilatu eta kartelak jarri dituzte, mezu argiekin: "Okupazioaren aurkako legeari ez", "Alderdi guztiek legea onartu dute" eta abar. Alderdi bakoitzak neurriaren aurrean izandako jarrera ere zehaztu dute markatzean, kartelen bidez.

Protesta-ekintza egin duten taldeek gogorarazi dutenez, besteak beste "langileen etxebizitza-eskubidea urratzen du" neurriak, "askorentzat okupazioa alternatiba bakarra den testuinguru batean". Horretaz gain, baina, "legeak espazio okupaturik gabe antolatu ezin direnen eskubide politikoak urratzen ditu", eta eragina izan dezake, adibidez, Gaztetxeen kontra. Zornotzan bertan, arriskuan dago Matrailu Gaztetxea: irailean epaitu zituzten bi kide eraikinaren birjabetzeari lotuta, eta absolbitzen ez badituzte, huste-prozesua jarriko dute martxan.

NO HAY COMENTARIOS