ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Benjamin Netanyahu (X)
2025/10/29 08:24

Gazako Zerrendan hainbat bonbardaketa gehiago egin ditu Israelgo Armadak azken orduetan, eta gutxienez 91 lagun erail ditu atzo arratsaldetik. Benjamin Netanyahuk okupazio-indarrei Zerrendaren aurkako "eraso indartsuak" egiteko agindu eta gero gertatu da hori, Rafahn ustez izandako tiroketa bat hartu baitu aitzakiatzat lehen ministro sionistak. Hamasek preso israeldarren gorpuak entregatu ezinik jarraitzen du, hondakinen artean harrapatuta baitaude, eta sionistek hori erabiltzen dute su-etena urratzen segitzeko eta erasoak justifikatzeko. Hala ere, JD Vance AEBetako presidenteordeak defendatu du "su-etenak indarrean jarraitzen" duela.

Israelgo Gobernuak baimena eman omen die Egiptoko eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko talde batzuei erresistentzia palestinarrak preso hartutako israeldarren "gorpuzkiak bilatzen laguntzeko". Blokeoak eta suntsipen sistematikoak, dena den, aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa larriagotzen dute. Osasunaren Mundu Erakundearen eta Ilargi Gorri Palestinarraren arabera, Gazako milioi bat biztanlek baino gehiagok premiazko arreta medikoa behar dute, ospitaleek kolapsatuta eta gutxieneko zerbitzuekin jarraitzen duten arren; eta herritarrek, gainera, nazioarteko hainbat erakundek aitortutako gosete bortitz bat pairatzen dute. Neguaren etorrerak babesgabetasuna eta sufrimendua okerragotu baino ez du egingo.

Nazioartean, gorpuen eta presoen trukea erraztean jarri dute fokua, eta UNICEF bezalako erakundeek korridore humanitarioak irekitzeko eskatzen dute, elikagaien eta osasun-arretaren krisiari erantzuteko. Bien bitartean, Israelgo Estatuaren erasoak Libanora eta Zisjordania okupatura hedatzen ari dira bonbardaketen eta blokeoen bidez, herri arabiarren sufrimendua areagotuz eta nazioarteko arauak hautsiz.

Errealitate horrek, su-etena hausteaz gain, agerian uzten ditu bai genozidioa bai gizateriaren aurkako krimenek eta nazioartean (modu irekian edo isilean) babestutako suntsipen masiboak zeharkatutako errealitate koloniala. AEBen babesean ezarritako "su-etenak" hauskorra dirudi, eta erresistentzia palestinarrari modu aldebakarrean inposatutakoa.

NO HAY COMENTARIOS