Azken egunetan, neska adingabeei egindako gutxienez hiru eraso argitaratu dituzte Euskal Herrian. Aurreko ostiralean jakinarazi zuten, batetik, 45 urteko gizon bat atxilotu zutela Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 12 urteko neska bati iruzur egin eta sexu-irudiak bidaltzera behartzeagatik. Aurrekariak zituen grooming deiturikoagatik; hau da, sare sozialen bidez adingabeekin harremanetan jarri eta iruzur egiteagatik.
Irunen (Gipuzkoa), bestetik, 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiral arratsaldean, adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik eta hura atxikitzen saiatzeagatik. Neskaren amak ikusi zuen nola hurbildu zen gizona alabarengana: atzetik heldu zion neskari eta ukituak egin zizkion. Berekin alde egiten ere saiatu zen, baina emakumeak esku hartu zuen eta alabari eutsi zion. Ihes egin zuen erasotzaileak.
Hurrengo egunean, larunbatean, beste atxiloketa baten berri eman zuten hedabideek: 24 urteko gizon bat atxilotu zuten Aiaran (Araba), gutxienez adingabe bati sexu-harremanak izatea proposatzeagatik. Salaketa bat aurkeztu zuen neskaren familiak, eta, ikerketa abiatzean, erasotzaile horrek egindako grooming-a jasan duten adingabe gehiago egon daitezkeela jakin dute.
Bestalde, aurreko asteazkenean Bilboko (Bizkaia) emakume batek jasandako eraso baten berri ere eman dute oraintsu. Kaletik semearekin zihoala, atzetik segika ibili zen emakumearen bikotekidea, irainak eta mehatxuak etengabe botaz. Berez, urruntze-agindu bat zeukan ezarrita erasotzaileak. Asteazkenean bertan atxilotu zuten.
Hori gutxi balitz, sexu-eraso baten berri eman dute Abadiñon (Bizkaia) joan den asteburuan. Jai-giroan, emakume bati eraso dio gizonezko batek.