ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/22 17:52

Otsail hasieran irten zen argitara Ekida kultur ekimen sozialista. "Kulturaren eta artearen arloak ikuspegi sozialistatik lantzeko" sortu dute Ekida, ekimenean parte hartzen duten kideek azaldu dutenez, kultura, "mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko modu gisa, gero eta nabarmenago determinatzen" baitu "norberaren klaseak"; hala, ondorioztatu dute gero eta "beharrezkoagoa" dela "auzi horiei heltzea".

Azken asteetan jendaurreko hainbat aurkezpen egin dituzte Ekidako kideek; hain zuzen, Bergarako (Gipuzkoa) Zubitxako Eskolan, Bilboko (Bizkaia) 7katu gaztetxean, Donostiako (Gipuzkoa) Liburutegi Nagusian, Iruñeko (Nafarroa) Katakraken, Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxean eta Gasteizko (Araba) campusean, Herri Unibertsitate nazionalean. "Jende asko hurbildu da ekimenaren asmoei eta proposamen politikoari buruz zuzenean entzutera", azaldu dute kultur ekimen sozialistako partaideek.

Gasteizen, gainera, Manifestua ikuskizuna ere estreinatu zuten ehunka lagunen aurrean.
"Literatura eta musika uztartzen dituen emanaldia" da Manifestua, eta Ekidako kideek iragarri dutenez, "laster izango da horri lotutako berri gehiago".

Webgunea esku artean

"Ekidaren asmoa, besteak beste, arte sozialistaren garapenerako baliabideak ematea da, antolakuntza komunistaren printzipioa arlo horretara ere eramanda. Arte sozialista bat, funtzio politikoak beteko dituen kalitatezko arte-ekoizpen bat, antolatuta soilik izango baita posible", adierazi zuten atzo Ekidako parte-hartzaileek.

Hala, "baliabide horietako bat" izango da aurki "osorik martxan jarriko" duten webgunea: ekida.eus. "Kulturari eta arteari dagozkien gaiak lantzeko, eztabaida eta kritika sustatzeko eta borondate sozialista duten artisten lanak argitaratzen hasteko" plaza modura kaleratuko dute webgunea.