ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Wikimedia Commons
2022/09/07 18:58
Espainiako Estatuko Fiskaltzak "mehatxu terroristatzat" jo du Mugimendu Sozialista bere 2022. urteko memorian. Argitaratu berri duten txostenak "terrorismo nazionala" izeneko azpiatal bat du, eta han egin diote aipamena Euskal Herriko Mugimendu Sozialistari. "Kontseilu Sozialisten sorrerarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ezker independentistaren baitan sortutako korronte berriek hazkunde nabarmena izan dute eskualde mailako antolakuntza- zein mobilizazio-gaitasunean", esan du fiskaltzak. Kontseilu Sozialistek, hain zuzen, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren artikulazioan "pauso bat gehiago" dakartela ondorioztatu dute, "Ezker Abertzalearen proiektuarekiko alternatiba gisa".

Mugimendu Sozialista "mehatxu terroristatzat" jotzea gutxi balitz, atal berean, "izaera independentistako kaleko biolentzia erradikalaren igoera" bat izan dela ere nabarmentzen du Fiskaltzak Hego Euskal Herriari dagokionez. Ekintza horien ardura Mugimendu Sozialistari dagokiola iradoki eta hura "terrorista" deiturarekin kriminalizatu du, beraz.

Ministerio Fiskalaren barruan kokatzen da Fiskaltza Nagusia, eta, besteak beste, botere judizialari zigor-arloko prozesuak irekitzeko salaketa publikoak aurkezteaz arduratzen da. Funtzio horri lotuta, "ordena konstituzionalaren aurkako mehatxuen azterketa" bat egiten du urte judizial bakoitzaren hasieran. Txosten hori Espainiako estatuburuaren esku uzten du Fiskaltzak; alegia, erregearen esku. Oraingoan, Alvaro Garcia Ortiz izan da erregeari txostena aurkeztu diona; abuztu hasieran hartu zuen Fiskaltza Nagusiko kargua, datozen lau urteetarako.

NO HAY COMENTARIOS