ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Sandra Petovello, Argentinako Giza Kapitalaren ministroa.
2023/12/20 17:13

Javier Mileik abenduaren 10ean osatu zuen gobernu berria. Hiru egunen ondoren, Luis Caputo Ekonomia ministroak "hiperinflazioa ekiditeko" hamar neurri ekonomiko proposatu ditu. Bi dira neurri nagusiak: batetik, peso argentinarraren balioa %51 jaistea dolarraren balioarekiko eta, bestetik, gastu publikoa modu drastikoan murriztea. Antza, azken horri 20.000 milioi dolar kentzeko asmoa du Milei presidenteak, hots, herrialdeko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %5era iristen den murrizketa bat proposatu du.

Halako murrizketa-neurriak ez dira berriak Argentinan, ezta inflazioaren arazoa ere. Cristina Kirchnerren gobernuak kanpo-zorra ordaintzeko negoziazioak hasi zituen, 2001eko corralitoaren krisiak utzitako defizitari aurre egiteko. Baina hartzekodun nagusiek putre-funtsei saldu zieten erositako zorra, eta horiek estatu-zorraren berregituratzea oztopatu zuten, inflazioa puzteko asmoz. Argentinaren egoera defizitarioa ez zen hobetu eta, antzera, inflazio handia jasan du herrialdeak.

Mauricio Macriren gobernua heldu zen ondoren, inflazio gorakorrari eta debaluazioari aurre egiteko murrizketak martxan jarri zituena 2011n. Defizita txikitzea helburu, zorra kitatzea lortu zuen gobernu horrek, baina hauteskundeak gertu ziren momentuan "ospea" guztiz galdu zuela jakitun zen Macri presidentea. Onespena berreskuratu nahian neurri espantsionistak jarri zituen martxan eta, horretarako, ordura arteko mailegurik handiena jaulki zuen FMIk: 57.000 milioi dolar jaso zituen Argentinako Estatuak. Arazoak arazo, herrialdeak zorra ordaintzeko gaitasun erreala ez zen ebaluatu, ez eta dirua "behar bezala erabili". Hala, berriro ere dirua babes errealik gabe inprimatu zen Argentinan, zor publikoa ordaintzeko gaitasuna ez zegoenean. Hala, inflazioaren gorakada piztu zen beste behin.

Murrizketak eta monetaren debaluazioa: Javier Mileiren errezeta liberala

Egoera horretan hartu zuen gobernua aurreko presidenteak 2019an eta, lau urteren ondoren, inflazioak gora besterik ez du egin: urte arteko inflazioa %142koa da Argentinan, egun. Mileiren gobernuak errezeta liberala aplikatu du eta, aipatutako biak ez ezik, beste zortzi neurri eman zituen argitara Luis Caputo Ekonomia ministroak abenduaren 13an. Besteak beste, garraiora eta energiara bideratutako dirulaguntzak kentzea, funtzionario eta ministerio kopurua txikitzea edota esportazio eskubideen amaiera mahaigaineratu zituen ministroak.

Halere, monetaren debaluazioak, gastu publikoaren murrizketak eta hainbat dirulaguntza bertan behera uzteak izan dira argentinako langileen poltsikoak gehien kaltetu dituzten arrazoiak. Neurri horien ondorioz, prezioek gora egin dute jada: kontsumorako produktuen eta elikagaien salneurria %8,2 igo da, eta batez beste %25 igotzea espero da datozen hilabeteetarako. Gainera, gobernu aldaketarekin, oinarrizko produktuen prezioen mugak de facto desagertu direnez, saltoki handiek irinaren, olioaren edota ogien prezioak %25 igo dituzte.

Erregaien prezioak ere gora egin du, eta gasoila %50 inguru garestitu da. Hori ez ezik, garraio publikoari lotutako subsidioak desagertu dira, energiaren dirulaguntzekin batera. Azaldu dutenez, horiek izango dira epe motzean Argentinako langileek gehien pairatuko dituzten neurriak, pobrezia-egoera eta miseria oso hedatuta baitaude: argentinarren %40 pobreziaren mugatik behera bizi dira, eta %9,3 indigentzia egoeran daudela kalkulatzen du Estatuak.

Liberalizazioaren ifrentzua: errepresio-neurriak eta salatariak

Argentinako langileriarentzat hilabete "gogorrak" datozela iragarri du Mileik eta, neurrien ondorio ekonomiko latzak aurreikusita, neurri asistentzialistak eta txiroenentzako dirulaguntzak handituko dituela esan du: seme-alabengatiko dirulaguntza unibertsala (AUH, gazteleraz) edota elikagaiak erosteko Alimentar dirulaguntza %50 igoko ditu.

Laguntza horiek, baina, xantaia dira Mileiren gobernuarentzat. Atzorako, abenduaren 20rako, protestak eta manifestazio jendetsuak espero ziren Buenos Airesen, bai eta herrialdeko beste hainbat txokotan ere. Polo Obrero sindikatuak edota Unidad Piqueterak neurrien aurka egiteko atera dira kalera eta, horren aurka, mehatxu egin du Sandra Petovello Giza Kapital ministroak: "[errepidea] Mozten duenak ez du [langabezia-prestazioa] kobratuko".

Hala, protesta-ekintza modura errepideetara jotzen duten manifestariek dirulaguntzak, subsidioak edota langabezia-prestazioa galtzeko mehatxupean egingo dute. Poliziaren edota komunikabideen argazkiak baliatuko omen dituzte horretarako, bai eta "manifestarien identitatea" salatzeko telefono zenbakia ere.

Hori ez ezik, manifestazioetan esku hartzeko eskumen handiagoa izango du Poliziak aurrerantzean: manifestariek bideak moztuz gero, nahiz eta inolako baimen judizialik ez izan, "segurtasun-indarrek kalearen edonolako mozketak ekiditeko" eskumena izango dute. Horretarako, "beharrezko bitartekoak" erabili ahal izango dituzte, "zirkulazio-espazioa guztiz libre utzi arte". Polo Obrerok, Unidad Piqueterak edota sindikatuek neurriak kritikatu dituzte, protesta egiteko eskubideen aurkakoak direlako.

NO HAY COMENTARIOS