ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/02 16:52

Israelgo Estatuko indarrek herenegun blokeatu zuten Global Sumud Flotilla, Gazako Zerrendan korridore humanitario bat ireki nahi zuen ontzidia, eta ontzidian zihoazen ehunka ekintzaileak atxilotu zituzten. Atzokoa, beraz, mobilizazio-eguna izan da nazioartean, Euskal Herrian barne. Goizean, Ikasle Abertzaleakek (IA) deituta, milaka ikaslek egin zuten greba; eta arratsaldean, Euskal Herri osoan izan ziren mobilizazioak, Palestinaren aldeko misioari elkartasuna adierazteko eta estatu sionista salatzeko.

Gazarako Mugimendu Globalak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu zituen protestak: Bilbon 13:00etan izan zen giza-kate bat Gobernu Zibilean, Iruñean 18:30ean elkarretaratu ziren Merindadeetan, eta Donostian eta Gasteizen 19:00etan egin zuten manifestazio bana; Bulebarretik eta Bilbo Plazatik abiatuta, hurrenez hurren. Flotilla eraso dute. Denok kalera! lelopean egin zuen mobilizazio-deialdia Gazarako Mugimendu Globalak.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak, hiriburuetako hitzordu horiek babesteaz gain, 50 bat herritan deitu zuen mobilizatzera; zenbait kasutan, lekuan lekuko hainbat kolektiborekin batera. Deialdi bera egin zuen guztietan: arratsaldeko 19:00etan, lekuan lekuko udaletxeen aurrean. Milaka lagun irten ziren kalera ordu horretan, "Gazako setioa haustera" eta "Israel desegitera" deitzeko.

Estatu sionistaren izaera terrorista

"Israelek Gazan egiten dituen sarraskia eta setioa hausteko euren pribilegio mendebaldarrak palestinar kausaren alde jarriz, beren bizitza azken muturreraino eramateko adorea izan duten horiei" elkartasuna adierazi zien plataformak, Global Sumud Flotillako tripulatzaileei erreferentzia eginez. Gogorarazi zuen "ontzidiaren helburua nazioarteko begiak Gazan kokatzea dela" eta Zerrendaren %90 suntsitu duela jada estatu sionistak, "zutik geratzen diren ospitaleak tankez inguratu" eta palestinarrei gosetea ezartzeaz gain. Horiek horrela, "Israelen izaera kriminala" salatu zuen berriz: "Israelen existentziak mundua arriskutsuago bihurtzen du".

Israelekin harreman oro mozteko, presioa areagotu

"Bada garaia, estatu terrorista desagerrarazteko bidean, Israelekin harreman oro eteteko; salerosketa-akordio oro, harreman diplomatiko oro, kirol-ekitaldi orotatik kanporatzeko", aldarrikatu zuen berriz Palestinarekin Elkartasunak.

Gogora ekarri zuen, azken asteetan Israelgo Estatuaren kontra izan diren mobilizazioei esker, Europako hainbat gobernuk eta agintarik euren burua behartuta ikusi dutela "zenbait neurri iragartzera eta Palestinako Estatua aitortzera"; eta Global Sumud Flotillako kideen "determinazioak" lortu duela, adibidez, "Espainiako eta Italiako gobernuek bertan diren beren biztanleak babesteko armadak mugiaraztea", "argi utziz europar gutxi batzuen bizitzak ehunka mila palestinarrenak baino gehiago axola zaizkiela". Eta gaineratu zuen: "Aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak besterik ez badira ere, argi izan behar dugu borrokaren fruitu direla eta orain dela momentua presioaren intentsitatea biderkatzeko".

Plataformak uste du hori ez dela "lan erraza" izango, "Israel AEBen eta Europaren proiektu inperialistaren parte funtsezkoa" delako eta "euskal burgesiaren aliatua" delako. Hala ere, erreibindikatu zuen "herri langileen arteko elkartasunak ez daukala mugarik, eta palestinar herriak eta bere erresistentziak oraindik ere tinko dirauten era berean, gure egitekoa dela hemen Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte".

Manifestazioa larunbat honetan, Iruñean

Larunbat honetarako, urriaren 4rako, manifestazio bat dauka deituta Palestinarekin Elkartasunak, Iruñean. 12:00etan hasiko da Antoniuttitik; "palestinar erresistentziaren alde, Israelgo Estatuaren desegitearen alde eta konplize guztien aurka".

NO HAY COMENTARIOS