Milaka langile mobilizatu dira kapitalismoaren aurka greba orokorrean

Gaurko mobilizazioen barruan, kapitalismoaren kontrako manifestazioak izan dira hiriburuetan. EHKSk antolatu ditu Bilboko eta Donostiako mobilizazioak, Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu aldarritzat hartuta. 11:00etan hasi da Donostiako manifestazioa, Bulebarretik; eta ordu-erdi beranduago Bilbokoa, Arriagatik.

Gasteizen, berriz, elkarrekin prestatu dute mobilizazio bat EHKSk eta CNTk, Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean. 11:00erako ipini zuten hitzordua, Andre Mari Zuriaren Plazan. Manifestazioaren aurretik, elkarrekin egin dituzte piketeak bi eragileek, ostalaritzako patronala, hainbat mutualitate eta Aldi Baterako Laneko Enpresak (ETT) seinalatuz besteak beste.

Iruñean ere batera egin zuten mobilizazio-deialdia EHKSk eta Nafarroako hainbat sindikatuk, hain justu, CGT, Solidari eta CNTk. 11:30ean hasi da manifestazioa, Errekoleten Plazatik, Condiciones de vida y de trabajo dignas. Kapitalismoari aurre egin aldarriaren pean. Lehenago piketeak egin dituzte Iruñerriko hainbat auzotan, eta CEN patronalaren aurrean elkarretaratu dira. "Langile-klasea nazioartean antolatzearen aldeko mezua zabaldu nahiko genuke. Gerraren, pobreziaren eta horiek sustatzen ari den oligarkiaren kontra", nabarmendu dute mobilizazioa bukatzean. 

Klase-borroka hedatzeko beharra

Lekuan lekuko manifestazioen antolatzaileek adierazi dute helburua mezu argi bat helaraztea izan dela: kapitalismoaren eta inperialismoaren gaur egungo krisiaren aurrean klase-borroka zabaltzeko beharra. Azaldu dute "zapalkuntza inperialistaren dinamika gerrak eta krisi ekonomikoak markatutako nazioarteko eszenatokia sortzen" ari dela, eta nazioarteko egoera hori Euskal Herriko errealitate sozial eta ekonomikoa ere baldintzatzen ari dela.

Egoera horretan, enpresaburuek eta tokiko erakundeek, EAJ buru dela adibidez, euren interes ekonomikoak lehenesten dituzte langileen ongizatearen aurretik, deitzaileen esanetan. Horiek horrela, langileriaren zati handi bat egoera zailean dagoela ohartarazi dute, "zerbitzu publikoen okertzeak, etxebizitza edo kalitatezko osasuna eskuratzeko zailtasunek eta enpresen itxierek zein aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek eraginda". Hala, gogor kritikatu dute patronalak mehatxu horiek erabiltzea langileriari lan-baldintza okerragoak ezartzeko.

Manifestariek babesa eman diete gaur egun beren lanpostuen eta lan-baldintzen defentsan borrokan ari diren beharginei: Amurrioko Tubos Reunidoseko langileak, Bilboko portuko amarratzaileak, Mercedeseko suhiltzaileak, Sidenorreko langileak... "Kolektibo horiek enpresa-mehatxuen aurrean duten borroka langile-klase osoak partekatzen duen borroka beraren parte da", jakinarazi dute. Greba-egun honetan, hala, defendatu dute "patronalaren despotismoari eta sistema kapitalistari aurre egiteko langile guztiak beharrezkoak direla"; eta ezinbestekotzat hartu dute "sektore prekarizatuenen eta okerren ordaindutakoen aldarrikapenak erdigunean jartzea, langile-klasearen nazioarteko batasuna indartzea eta borroka ideologiko baterako prestatzea". Bide horretan, langile-klaseko hainbat sektorerekin aliantzak eraikitzera deitu dute.