ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/23 14:31

Azken asteetan Alde Zaharreko gazteek jasan dituzten "errepresioa eta kriminalizazioa" salatzeko, Gazte Asanbladak manifestaziora deitu zuen gaurko. 11:45erako jendetza zegoen Bulebarreko kioskoaren inguruan bilduta, eta 12:15ean abiatu da manifestazioa, Donostiako erdigunerantz. Askatasunaren Hiribidean sartu ostean, Alde Zaharrera zuzendu dira berriz manifestariak, eta hainbat kaletatik igaro ostean, Trinitate Enparantzan amaitu dute mobilizazioa.

Hainbat oihu eta aldarrikapen izan dira manifestazioan. Ertzaintzaren aurkako aldarriak gailendu badira ere ("Zipaioak herriaren etsaiak" edota "Zipaioak auzotik kanpora"), Udaltzaingoaren aurkako oihuak ere entzun dira. Zehazki, "Munipak ere txakurrak zarete" oihukatu dute manifestariek, udaltzainek ere gazteak jazartzen dituztela azpimarratzeko. "Burgesia hiltzailea" eta "Aurrera klase borroka" bezalako oihuak ere izan dira Trinitate Enparantzan.

Bestalde, Iñigo Cabacas izan dute gogoan gaurkoan. 2012ko apirilean hil zuten pilotakadaz ertzainek eta, aste honetan Donostiako Alde Zaharrean gazte bati masailezurra hautsi diotela ikusita, Cabacasen hilketaren erantzule gisa seinalatu dute berriz Ertzaintza: "Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas".

Hilabetetik gorako jazarpena

Donostiako Alde Zaharrean 2020ko abenduan salatu zuten polizia-indarren aurreneko oldarraldia, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak hainbat gazteren aurka egin eta gero. Jazarpen kasu hori salatzeko, abenduaren 14rako manifestaziora dei egin zuen Alde Zaharreko Gazte Asanbladak. Mobilizazioaren amaieran gazte bat atxilotzen saiatu ziren, eta liskarrak izan ziren. Ertzainek bi pertsona atxilotu zituzten gau horretan eta, hurrengo egunetan, gutxienez beste pertsona bat atzeman zuten kalean.

Ordutik etengabea izan da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia auzoan. Urtarrilaren 16an Ertzaintza berriro oldartu zen kalean, tabernak itxi zituztenean; lau pertsona atxilotu zituzten gau hartan.

Hurrengo egunetan Ertzaintzaren furgonetak eta autoak izan ziren auzoko leku ezberdinetan, eta urtarrilaren 17an beste pertsona bat eraman zuten atxilo. Eragile eta antolakunde politiko ezberdinek salatu zuten Donostiako Alde Zaharraren "militarizazioa".

Urtarrilaren 20an izan ziren liskarrik handienak, gauez. Lau pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, eta beste hainbat zauritu; lanetik atera berri zen gazte bati, esaterako, masailezurra puskatu zioten. Nabarmentzekoa da ertzainburuak poliziei eman zien agindua: "Jotzera tiro egin".

Manifestazio zabala

Hainbat eragile eta antolakunde politikok gaitzetsi dituzte Alde Zaharrean azken asteetan izan den jazarpena eta Ertzaintzaren jarrera, eta gutxienez 38 eragile edo antolakundek egin dute bat gaurko manifestazioaren deialdiarekin. 3.000 pertsona inguruk hartu du parte mobilizazioan.

NO HAY COMENTARIOS