ACTUALIDAD / Ikas
Milaka ikasle batu dira IKAS eta IAren mobilizazio deialdietara
'Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!' aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hamahiru eskualdetan. Gaurko manifestazioek "hezkuntzako egoera tamalgarria salatu eta autoritarismoa ahalbidetzen duen bitarteko ororen deuseztapenean aurrerapausoak emateko" balio izan dutela azaldu du IKASek. Plataformak "indarrez eta determinazioz" jarraituko du ikastetxeetan lan-ildo eta borroka zehatzak jorratzen.
2021eko martxoaren 25
Milaka ikasle batu dira IKAS eta IAren mobilizazio deialdietara

Ostegun honetan, martxoaren 25ean, ikasle mugimenduaren manifestazio zabalak izan dira Hego Euskal Herrian barrena. Milaka ikaslek egin dute bat IKAS (Ikasle Autodefentsa Sarea) plataformak eta Ikasle Abertzaleakek deituriko mobilizazioekin, Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!


Manifestazioen amaierako hitzartzeetan tokian toki martxan jarritako borroken funtsak azaldu dituzte ikasleek, baina horretaz gain, "dinamika abiaraztearen ondorioz pairatutako erasoak" ere izan dituzte ahotan. IKASen hitzetan, "indarrez eta determinazioz" erantzungo dute, berdin erronka berrien zein jarduera politikoaren aurkako oztopoen aurrean.


Ondoko hiriburu eta udalerrietan izan dira mobilizazioak gaurkoan: Bilbo (Bizkaia), Gasteiz (Araba), Donostia (Gipuzkoa), Iruñea (Nafarroa), Laudio (Araba), Azpeitia (Gipuzkoa), Beasain (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Eibar (Gipuzkoa), Hernani (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa), Irun (Gipuzkoa), Tolosa (Gipuzkoa), Basauri (Bizkaia), Durango (Bizkaia), Gernika (Bizkaia) eta Ondarroa (Bizkaia).