ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/02 09:42

Mila pertsona baino gehiago bildu ziren abenduaren 27an Azpeitiko (Gipuzkoa) kaleetan, langile-klasearen kriminalizazioa, jazarpen poliziala eta herrian jasandako muntaia mediatikoa salatzeko. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak antolatutako mobilizazioa Errepresioaren aurrean, klase-elkartasuna lelopean izan zen.

Herriko plaza nagusitik abiatu zen manifestazioa iluntzean eta bide nagusiak zeharkatu zituen, pankartekin eta aldarriekin. Antolatutako gazte langileen aurkako jazarpen judiziala eta poliziala amaitu dadila eskatu zuten manifestariek, baita herriko 43 pertsonaren aurka izaten ari diren prozesu judizialak bertan behera gera daitezela ere. Hain zuzen ere, 23 lagunek deklaratu behar izan dute 2024ko apirilean Vox alderdi faxistaren kontra izandako protesta baten harira; eta beste 20 azpeitiar daude ikerketapean, iazko udan, Gaztetxearen urteurrenaren bueltan sortutako muntaia mediatikoa tarteko.

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak azaldu zuen "errepresioak forma desberdinak hartzen" dituela gaur egun, baina "helburua betikoa" dela: "Desmobilizazioa bultzatzea, kriminalizazioan sakontzea edo ekonomikoki militantzia itotzea". Faxismoaren gorakadarekin lotu zituen Azpeitian irekitako bi prozesuak, ohartarazi baitzuen "estatu-autoritarismoa goraka datorrela eta langileriaren sektore konkretu batzuk dituztela jopuntuan". 

"Alderdi politikoek, poliziek, hedabideek eta abarrek sektore horiek kolpatu eta kriminalizatu nahi dituzte. Hori ikusten da Azpeitian dauden bi kasuetan ere", gaineratu zuten plataformako kideek. Izan ere, gogorarazi zuten "Vox alderdiaren kontrako oihuak kalera ateratzeagatik antifaxismoa zigortu nahi dutela" batetik, eta, bestetik, "Azpeitiko Gaztetxeko urteurrenaren bueltan izandako jazarpen polizialaren eta muntaia mediatikoaren bitartez desmobilizazioan eta kriminalizazioan sakontzea bilatzen dutela".

Plataformaren esanetan, "estatu-aparatu osoa da langileen eta bere eskubideen kontra egiten ari diren eraso sistematikoaren parte" eta, finean, "estatuaren bilakaera autoritarioaren parte"; hala nola "alderdi politikoak, sistema judiziala, hedabideak, eta Polizia eta bere sindikatu faxistak". Horiek horrela, beharrezkotzat jotzen du errepresioaren kontra elkartasuna antolatzea eta aipatutako estatu-aparatutik kanpo egitea hori.

NO HAY COMENTARIOS