Miarritzen (Lapurdi), aisialdiko Mouriscot egoitzan jarduten duten bi begirale atxilotu zituzten atzo goizean, 3 eta 4 urteko hainbat haurri sexu-erasoak egiteagatik. Momentuz, hamahiru kasuren berri izan du Baionako (Lapurdi) fiskaltzak, eta kasuetako batean, bortxaketa zantzuak atzeman dituzte. Aurreko ostiralean hasi zen ikerketa, haurretako batek bere testigantza eman ondotik.
21 eta 36 urte dituzte atxilotutako begiraleek, eta oraindik ez da argitu ea elkarrekin egin ote dizkieten sexu-erasoak haurrei. Haietako batek bi urte daramatza Mouriscoten lanean, eta bestea aurten hasi da.
Itaiaren mobilizazioa, bihar
Erasoak salatu eta mobilizatzeko deia egin du Ipar Euskal Herriko Itaiak. Hain zuzen ere, bihar arratsalderako antolatu du protesta bat: Miarritzeko Herriko Etxearen aurrean izango da, arratsaldeko 19:00etan.