ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/29 08:30

Zabalpen handia izan dute Melillan aurreko astean grabatutako irudi batzuek. Horietan, argi eta garbi ikusten da Guardia Zibilak nola eraso zien lau pertsona migranteri. Txalupa txiki batean zihoazen eta kostaldera heldu nahian ari ziren, baina haiek jazartzeari ekin zioten guardia zibilek, ontzi batean igota.

Bideoak erakusten duenez, Poliziaren ontziak harrapatu eta aurretik eraman zituen txalupan zihoazen pertsonak. Horietako bat, behintzat, uretara bota zuten guardia zibilek. Hasieran, heriotza posible baten berri eman zuen Nador hirian kokatzen den Marokoko Giza-Eskubideen Elkarteak (AMDH, gaztelerazko sigletan), baina gerora aukera hori gezurtatu du, zorionez.

Itxura denez, erasoari buruzko txosten bat jaso du jadanik Espainiako Barne Ministerioko buruak, Fernando Grande-Marlaskak. Ministerioko iturrien arabera, Guardia Zibileko zuzendari Leonardo Marcosek helarazi dio idatzia. Hala ere, badirudi Marlaskaren sailak ez duela gertatutakoaren inguruko ikerketarik irekiko, eta erasoa ezkutatzen saiatuko dela.

Barne Ministerioaren esanetan, gainera, itsasoan jazarritako lau lagunak atxikitzea lortu zuen Poliziak: Marokora bidali omen dituzte dagoeneko. Dena den, ikerketa bat zabal dezatela eskatu dute hainbat erakundek; tartean, Melillako Solidary Wheels elkarteak. Informazio zehatza argitzeko eskatu du: ea zehazki zenbat lagun zihoazen Poliziak harrapatutako txalupan, ea zein den haien egoera eta zer gertatu zen haiekin, ea beharrezko laguntza legala jaso zuten, eta abar.

Izan ere, aipatutako elkarteak gogorarazi du, berez, Espainiako Estatua behartuta dagoela pertsona migrante bakoitzaren egoera zehatza aztertzera, babesa behar duten "asilo-eskatzaile potentzialak" identifikatzeko. Ohartarazi du "giza-eskubideen urraketa" bat dela "beroan edo modu kolektiboan egindako itzultze oro".

NO HAY COMENTARIOS