ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Pamplona Actual
2022/11/17 10:37

Aurtengo ekain bukaeran, Marokoren eta Espainiako Estatuaren arteko muga gurutzatzen ahalegindu ziren milaka saharar, eta bi estatuetako polizia-indarrek egin zuten gogor haien kontra. Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) arabera, Melillako hesia igaro nahian ari ziren 70 lagun erail zituzten poliziek; iturri ofizialen arabera, 23 izan ziren eraildakoak. Dirudienez, mugaren alde marokoarrean izan ziren hilketa guztiak, Marokoko jendarmeen eskuetan, baina Espainiako Estatuko Guardia Zibilaren esku-hartzea ere bortitza izan zen.

Herriaren Defendatzailea izeneko organoak —Angel Gabilondok zuzentzen du— txosten bat idatzi berri du, ekaineko sarraskiaren inguruan. Horretarako, Espainiako Barne Ministerioak emandako irudiak aztertu ditu, baina salaketa bat egin du: Espainiako Estatutik Melillara bidali zen helikopteroak jasotako hainbat irudi falta dira, ordu eta erdiko iraupena dutenak. Ikertutako irudiak ikusita, dena den, Herriaren Defendatzaileak azaldu du guardia zibilek harriak jaurti zizkietela hesian igota zeuden pertsonei; drone batek grabatutako irudiek erakusten dute hori. Hesia igaro nahian ari ziren lagunek makilak erabili behar izan zituzten polizien aurka.

Horretaz gain, bideoetako batean ikus daiteke nola guardia zibil batek gasa bota zien sahararrei, hesiko ateetako bat bota nahian ari zirenean. Une horretan, beste hainbat polizia-agentek haiei harriak jaurtitzen jarraitu zuten. Herriaren Defendatzailearen arabera, "pertsona horiek hesiaren goialdean igota daudenean, eusteko bitartekoak erabiltzeak ez du areagotu behar haien arrisku-egoera".

Guardia Zibilak, kontrara, esan du beharrezkoa dela Ceutako eta Melillako komandantziei baliabide gehiago ematea, ekainekoa bezalako egoerei aurre egiteko. Ekaineko sarraskiaren ostean, Institutu Armatuaren Zuzendaritzak onartu zuen istiluen aurkako 300 kasko eta gasaren aurkako 300 maskara bidaltzea Melillako mugara; 477.000 euro erabili zituzten hori ordaintzeko. Polizia-indarrek, hala ere, agente kopurua handitu nahi dute.

NO HAY COMENTARIOS