Aurreko asteburuan, Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean izan zen Fermin Muguruza abeslaria: besteak beste, Sarri, sarri abestu zuen, kantak oinarri duen ihesaldia (Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea preso politikoena) gertatu zenetik 39 urtera.
Zehaztu ez baldin baditu ere, hainbat kexa jaso omen ditu Eusko Jaurlaritzak, Muguruzaren emanaldia dela-eta. Hori aitzakiatzat hartuta, bere eskumeneko kartzeletako kultur-ekitaldietako baldintzak gogortzea erabaki du. Justizia Saileko buru Maria Jesus San Joseren esanetan, "biktimak minduta ez sentitzea" bilatuko omen dute, eta kultur-ekitaldi orok bete beharko du "biktimak ez mintzeko konpromisoa".
Teorian, orain arte, musika-emanaldi bat eskaintzeko ezartzen zen baldintza bakarra zen "aurrekari penalik edo polizialik ez izatea". Aurrerantzean zorrotzagoak izango omen dira baldintzak: "Edozein proposamen kulturalek balioak errespetatzeko, presoak gizarteratzen laguntzeko eta, garrantzitsuena, biktimak ez iraintzeko konpromisoarekin iritsi behar du".
Zentsura aurretik
Hala ere, aurretik ere erakutsi du jarrera zentsuratzailea Jaurlaritzak. Joan den ekainean argitaratu zuten gutun bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan gatibu dauden hainbat preso politikok, besteak beste, bisitak jasotzeko eskubideari dagokionez jasaten ari ziren urraketak azaltzeko. Jakinarazi zuten, gainera, haien hainbat laguni debekatu zietela bisitan joatea, baita espetxeetako askotariko ekitaldietan parte hartzea ere.
"Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda beltz batez baliatuz, lagun ugariri
debekatzen diete kartzelara sartzea, izan gurekin komunikatzera, izan
bertan antolatzen diren kirol- nahiz kultur-ekitaldietan parte hartzera", esan zuten presoek idatzian.