Ingemar enpresako zuzendaritzak Usurbilgo (Gipuzkoa) lantegia itxi eta martxan jarri du lan erregulazio espedientea. Beraz, egun, kaleratze arriskuan dira lantegi horretako behargin gehienak. Informazioa argitaratu bezain laster, greba mugagabeari ekin zioten egun ere protestan diren langileek. Ostiral honetarako, hilak 10, manifestazioa deitu dute, 18:00etan Usurbilgo plazan. Mobilizazio amaieran agerraldia egingo dute.
Urte luzeetako borroka da lantegi horretako langileek aurrera daramatena. Lehenago hainbat kaleratze eta lantegia ixteko mehatxuri aurre egin diete, protesten bidez. Oraingoan, UGT eta CIG sindikatuek enpresa zuzendaritzarekin lortutako akordio batek jarri ditu kinka larrian. Izan ere, akordio horren arabera, enpresak Galizian dituen plantak irekita mantendu baina Euskal Herriko planta itxiko du.