Joan den martxoan jakinarazi zuenez, ikerketapean dago Yakovlev 42 musika-taldea, bere kanten letrengatik. "Ikuspegi ideologikoarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzea" leporatzen dio Guardia Zibilak txosten batean; baita "letra guztiz iraingarri eta intoleranteak idaztea" eta, kontzertuetan, "zenbait jokabide erakustea eta indarkeria etengabe goraipatzea" ere.
Taldekideek eta kide ohi batek otsailean jaso zuten zitazio judizial baten zedula: maiatzaren 6an deklaratu beharko dute Donostian (Gipuzkoa). Ikerketak aurrera egiten badu eta akusazio formal bat aurkezten badute, espetxe-zigorrak eska ditzakete sei ikertuentzat: urtebete eta lau urte artekoak izan daitezke zigor horiek.
Protesta maiatzaren 6an
Yakovlev 42 taldeak deklaratu behar duen egunerako, maiatzaren 6rako, mobilizazio deialdi bat egin dute Donostiako, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistek. 11:00etan Donostiako epaitegira bertaratzera deitu dute, ikertuei babesa emateko eta "estatu kapitalistaren kontrako adierazpen askatasuna" aldarrikatzeko.